Espainiako Gobernuak 4,5 milioi euro iragarri ditu eskualderako

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Urtarrilaren 24a baino lehen aurkeztu behar dituzte Udalek proiektuak

Krisi ekonomikoari aitzin egiteko eta bide batez, langabezia murrizteko asmoz, Espainiako Gobernuak dirulaguntzak banatuko ditu espainiar estatuan. Ttipi-Ttapak hartzen duen eremuko udaletan, zehazki, 4.670.542 euro banatuko dituela iragarri du. Nafarroan guztira 107.232.000 milioi banatuko dira, eta estatu espainiarrean 8.000 milioi euro.

Dirulaguntza hau jasotzeko, urtarrilaren 24a baino lehenagotik aurkeztu beharko dituzte udal, kontzeju eta mankomunitateek euren proiektuak. Horrez gain, kontratatzen diren langileak langabetuak izatea ere exijitu du gobernu espainiarrak.

Bertzalde, finantzazioa lortzeko 2009an egin beharko dira obrak eta 2010eko lehendabiziko hiruhilekoan justifikatu beharko dira egindako lanak. Halere, onartutako kasuetan, sei hilabete gehiago izanen dituzte udalek finantzazioa justifikatzeko.

Herriko azpiegitura lanak finantzatzeko

Proiektu horiek herriko azpiegiturak hobetzeko izan beharko dute: espazio publikoak konpondu edo zaharberritu; errepideetan hornidura eta azpiegitura lanak egin; saneamendu, argiztapen edo telekomunikazio sareetan obrak egin; oztopo arkitektonikoak kendu; turismoa indartu; suteen arriskua saihestu... Proiektu bakoitzak ezin izanen du 5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua eduki.

Urtarrilaren 24a baino lehen

Dirulaguntza hau jasotzeko deialdia abenduaren 10az dago zabalik, eta aipatu bezala, urtarrilaren 24an bukatuko da eskaerak egiteko epea. Ondoko taulan, Espniako Gobernuak herriz herri eskualderako zenbateko laguntza proposatu duen ageri da. Baina gehienez jaso ditzaketen kopuruak dira eta biztanleriaren araberakoak.


Dirulaguntzak herrika
ARANO---22.478 €
ARANTZA---114.688 €
ARESO---50.973 €
BAZTAN---1.388.827 €
BEINTZA-LABAIEN---45.663 €
BERA---652.025 €
BERTIZARANA---117.166 €
DONAMARIA---74.335 €
DONEZTEBE---269.376 €
ELGORRIAGA---38.760 €
ERATSUN---29.734 €
ETXALAR---141.768 €
EZKURRA---32.920 €
GOIZUETA---144.245 €
IGANTZI---107.255 €
ITUREN---84.423 €
LEITZA---511.319 €
LESAKA---490.257 €
OITZ---27.256 €
SALDIAS---21.239 €
SUNBILLA---117.166 €
URDAZUBI---61.592 €
URROTZ---32.389 €
ZUBIETA---54.689 €
ZUGARRAMURDI---39.999 €
Guztira---4.670,542 €

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun