Konpost makina gehiago banatuko dira Bortzirietan hurrengo urtean

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

TTIPI TTAPA

Interesatuek Mankomunitatera deitu beharko dute

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak 108 familiei eman dizkie aurten konpostagailuak, etxean konposta egiteko eta ahal den neurrian, sortzen den zabor organikoa ongarri bilaka dezaten. Arantzan 13 familiak hartu dute, Beran 28k, Etxalarren 18k, Igantzin 29k eta Lesakan 20k. Azaroaren 24an Etxalarren egindako bilkuran jaso zituzten azalpenak egitasmoan parte hartuko dutenek, kanpainaren berri jasotzeko –argazkian–. Izarbeibarko Mankomunitateko Oskar Rubio teknikaria ere bertan izan zen, han egindako esperientziari buruz solasteko. Horrez gain, konpostagailua eskuratuko zuten familientzako klase praktikoa izan zen, horietako aunitz izan baitziren ekitaldian.

Lehenbiziko fase arrakastatsua

Aurten egin den lehen saiakera honek izan duen arrakasta ikusita, heldu den urtean berriz ere konpost makina gehiago banatuko ditu Hiri Hondakinen Mankomunitateak bortz herrietan, oraingoan Espainiako Gobernuaren laguntzarekin. Horretarako izena emateko epea zabalik dago eta interesatuek Mankomunitatera deitu beharko dute (948 635254) urtea amaitu baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun