820 bazkide elkartu dira Arkupeak-en urteko azken bestan

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

TTIPI TTAPA

Elkarteko sei lagun omendu dituzte

Arkupeak Erretiratu eta Jubilatuen Elkarteak bere urte akaberako besta egin zuen azaroaren 22an, Donezteben. Baztan-Bidasoa eskualdeko 3.600 bazkide inguru ditu elkarteak eta horietatik 820 elkartu ziren Doneztebeko bestan. Aitzineko urtean 700 lagun bildu ziren; beraz, aurten, gehiago.
Bertze urteetan bezala, omenaldi besta izan zen, eta aurten hildako bazkideak gogoan izan zituzten. Jesus Goldaraz Doneztebeko apezak eman zuen meza eta Basilio Sarobe, Ramon Apezetxea eta Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuaren laguntza ere izan zuen. Bittor Elizagoien bertsolariak ere parte hartu zuten elizkizunean, zenbait bertso kantatuz.
Iruñea eta Tuterako artzapezpiku izandako eta irailean hildako Jose Maria Zirardari ere omenaldia eskaini zitzaion elizkizunean. Hala, Eusebio Maritorena, Felipe Ganboa, Josetxo Oronoz, Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek hildako artzapezpikuari eskainitako zapela, oroigarria eta makila eman zizkioten gaur egungo artzapezpikuari. Francisco Perezek berak ere jaso zuen txapela.

Sei omendu

Meza ondotik, kiroldegi aldera jo zuten bazkideek, bazkaltzera. Aitzinetik, halere, elkarteko hainbat kidek omenaldia jaso zuten:
Milagros Apezetxea goizuetarrak,
Salvador Arotzena doneztebarrak,
Mª Dolores Oronoz elizondarrak,
Mª Angeles Altzugarai narbartearrak,
Micaela Etxeberria iturendarrak
Mª Jesus Zabala doneztebarrak.


Seirek oroigarria, txapela eta makila jaso zituzten. Ekitaldian izan ziren, bertzeak bertze, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria.
Bazkalondoan, dantzaldia izan zen Jalisko Band taldearekin eta ilundutakoan berriz ere etxeruntz abiatu ziren autobusak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun