Tirabirak tirabira, eta polemikak polemika, uso aunitz harrapatu dute aurten Iharmendi gaineko sareetan. Joan den azaroaren 21ean akabatu zuten urriaren lehenbizian hasitako uso-denboraldia, eta Gerardo Danboriena usazaleak adierazi digunez, «hagitz kontent gaude emaitzarekin. Guztira 1.608 uso harrapatu ditugu, 134 dozena». Joan den urtekoa baino kopuru ttikiagoa da, iazkoa aspaldiko urteetako sasoirik hoberena izan zelako. Zaila zen hura berdintzea. Baina azkeneko bospasei urtetako martxa ikusita, «denboraldi ona» izan dela aitortu digu Gerardok. Gehiago ezin eskatu.
Azaroaren hondar aldera, hagitz egun txarrak izan ziren, eta horregatik ez zuten denboraldia gehiago luzatu. «Gosaldu eta etxera joaten ginen. Horrela, ez zuen merezi gehiago segitzerik». Hala ere, ez dute eguraldiaren kexarik izan. Hego-haize gutti ibili da, eta azaroan euria eta eguraldi txarra izan bazen ere, orokorrean, eguraldia lagun izan dute denboraldia hasi zenetik.
Uso goiztiarrak izan dira aurtengoak. Urriaren lehenbizian pasa handiak izan ziren. «Urriaren 10ean kasik 25 dozena harrapatu genituen. Aspaldiko urtetan ez naiz oroitzen hain goiz hainbertze uso harrapaturikan», adierazi digu Danborienak. Egun gutti batzuk hagitz onak izan ziren. Urriaren 17a, 18a eta 19an, adibidez, sekulako pasa izan zen
eta
13 usazale aritu dira Usategietan bi hilabetez lanean. «Denak egunero egotea ez da erraxa, lan kontuak direla-eta. Baina elkarren artean txandakatuz, ederki moldatu gara». Asteburutan herriko gazte franko animatzen da usazaleei laguntzera, baina astetartez ez da hain erraxa. Halere, badirudi aitzinera begira ez dela arazorik izanen ohitura zahar honi kontzeko, usazale gazteak heldu direla ematen baitu.