Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, abenduaren 15etik 19rako aste honetan ere mozketak izanen dira N-121A errepidean, leherketak direla eta. Honela, ortzegunean, abenduaren 18an, Irun-Endarlatsa tarteko 72garren kilometro inguruan bi orduz itxiko da errepidea, 12:30etik 14:30era. Ortziralean, abenduaren 19an, Endarlatsa-Bera zatian izanen da ordubeteko mozketa, 12:30etik 13:30era.
Txandakako bidea
Obretako zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaunen 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.
Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea.
Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.
Elurra 400 eta 800 metro artean
Elurrak indarra izan du aste hondar osoan eta oraindik, 400 eta 800 metro artean elurra eginen duela iragarri dute. Baztan aldean, Aldude aldera doan Urkiagako eta Irurita eta Eugi lotzen dituen Artesiagako mendateetan da kateen erabilera nahitaezkoa izan da, goizaldera arte, baina astelehen eguerdirako erabat ireki dute bidea.
Mugairiko zeharbidea itxia
Aipatzekoa da, azkenik, Mugairiko zeharbidea, NA-8303 errepidea, ortziralera, abenduaren 19ra bitarte itxia egonen dela, saneamendu lanak egin behar direlako. Seinaleen bitartez jakinaraziko dira behin behineko desbideratzeak.