Iruñeko mendizalea hilik topatu zuten igande arratsaldean Ekaitzako Goizueta aldeko magalean

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 15a, 15:02

Iruñeko 68 urteko mendizale bat hilik topatu zuten igande arratsaldeko 17:00ak aldera Ekaitza mendiko ipar mendebaldeko magalean, Goizueta aldeko Elama inguruan. F.R.M, 68 urteko mendizale aditua zen eta larunbatean abiatu zen, mendi ateraldia egitera 36 urteko suhiarekin Zubietako plazatik.

Larunbat gaua mendian galdurik

Baina larunbatean gauak harrapatu zien eta haize eta hotzari aurre egiteko, galdurik, ibiltzen segitu zuten. Bi mendizaleek sakeleko telefonoak bazituzten, baina inguru horretan ez du koberturarik. Igande goizean, mendizalerik zaharrena nekatua zegoela eta, gazteena laguntza bila jautsi zen Goizueta aldera. Igande arratsaldeko 13:00ak aldera topatu zuten erreskate taldekoek suhia. Honek emandako azalpenekin, aitaginarrebaren bila hasi ziren, baina zoritxarrez, topatu zutenerako hilik zegoen. Bi mendizaleak adituak ziren eta ingurua ongi ezagutzen zuten. Hildako mendizaleak, Nafarroako mendiei buruzko liburu bat ere idatzia zuen.

Erreskate lanak

Erreskate lanean, Gurutze Gorria, DYA, Guardia Zibila eta bertze zenbait erakundeko kideekin batera, Goizuetako suhiltzaile boluntarioen parkeko 14 lagun, Leitzako parkeko 2 eta Zubietako bizilagunak ere aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun