Aste honetan ez da leherketengatik mozketarik izanen N-121A errepidean

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 15a

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, abenduaren 15etik 19rako aste honetan ez da leherketarik izanen N-121A errepideko lanetan. Horregatik, aspaldiko partez, ez da mozketarik aurrikusi aste osoan. Halere, obretako zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaunen 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.

Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Elurrarengatik kateak Artesiagan, Urkiagan eta Egozkuen

Elurrak indarra izan du aste hondar osoan eta oraindik astelehenean, 400 eta 800 metro artean elurra eginen duela iragarri dute. Baztan aldean, Aldude aldera doan Urkiagako eta Irurita eta Eugi lotzen dituen Artesiagako mendateetan nahitaezkoa da kateen erabilera, baita Olague eta Zubiri lotzen duen Egozkueko portuan ere..

Mugairiko zeharbidean lanak

Aipatzekoa da, azkenik, Mugairiko zeharbidea, NA-8303 errepidea, ortziralera, abenduaren 19ra bitarte itxia egonen dela, saneamendu lanak egin behar direlako. Seinaleen bitartez jakinaraziko dira behin behineko desbideratzeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun