Loli Ostolaza omendu zuten Doneztebeko Santa Luzia egunean

Utzitako argazkiak 2008ko abenduaren 15a

Loli Ostolaza kontent, omenaldia jaso eta gero. TTIPI TTAPA

Munduko janarien erakusketa izan zen, eskulangileenarekin batera

Larunbatean, abenduaren 13an, Santa Luzia feria ospatu zen Donezteben. Garai batean garrantzi handia izaten zuen feria honek, izan ere, mendi mutilak tenore honetan itzultzen ziren etxera Eguberriak pasatzera, eta hortaz, bilgune zoragarria izaten zen. Erraten ahal dugu udazkeneko feriek baino pisu handiagoa zutela eta aunitzez ere jendetsuagoak izaten zirela. Baina urteen poderioz, eta mendi mutilak desagertzen joan ziren heinean, edo gutxienez lanbidea aldatu zenean,bestak indarra galdu eta ia desagertu egin zen. Badira zenbait urte Cederna-Garalur elkarteak asmo sendoa agertu zuela besta berreskuratzeko eta horretarako Doneztebeko Udalaren laguntza jaso zuen. Egia dena da hitzordua mantentzen dela, eta gehienbat jubilatuak izaten direla bestara hurbiltzen direnak. Erraten ahal dugu, beste urteetan aste tartean egokituta jende kopuru ederra bildu izan dela, eta aurten, larunbata izaki, agian gehixeago espero genuela. Baina egia dena da larunbatean ere, eguraldiak ez zuela batere lagundu eta dakizuen moduan, honek mota honetako ekintzak aunitz baldintzatzen ditu. Euria ari zuen etengabe eta elur arriskua ere nabarmena zen, eta ez hori bakarrik, haize zakarra ari zuen eta hotza ere galanta zen. Zer gehiago nahi genuen? Hala, normalki eliz atariko plaza inguruan jartzen dira artisauen postuak, baina larunbatean ez zen hala gertatu euria ari bai zuen. Elizako arkupeetan pilatu behar izan zituzten, eta nahiko deserosoa suertatzen zen, tokia arront exkaxa baitzen. Baina kontua da ez zegoela beste aukerarik eta zegoenarekin moldatu behar. Goizeko 10etarako artisauek bere postuak prest zituzten, baina bezeroak eta ikusleak mezako tenorean hasi ziren hurbiltzen. Meza Doneztebeko apeza den Jesus Goldarazek eta Basilio Sarobe, Sunbillakoak eman zuten, eta urtero legez, eliza bete-betea zegoen. Gainera aitortu beharra dago meza honek baduela zerbait berezia eta jendeak aunitz miresten duela Santa Luzia Baztandik ere hurbildu baitzen jendea. Ez dakigu jostunak otez ziren edo bistako arazoak moldatu nahi ote zituzten, dakizuen moduan, Santa Luzia jostunen zaindaria ez zik, bistaren zaindaria ere badela.

Loli Ostolazari Urrezko Titarea

Doneztebeko udaleko hiru zinegotzi bertan ziren eta omenaldi goxo eta beroa eskaini zioten Loli Ostolazari. Zilarrezko titarea jaso eta segida, lore sorta eder hau eman zioten. Ondoren, eukaristiarekin amaitzeko denek Santa Luzia goretsi nahi izan zuten eta Basilio Sarobek eskuan zeraman irudia besarkatzera eliztiar guztiak hurbildu zirela erraten ahal dugu. Orduan bai, orduan jendea poliki-poliki elizatik ateratzen hasi zen eta bitartean omenduak bere senitartekoekin argazki zenbait atera zituen, alabak, bilobak…Une gogoangarria ezbairik gabe. Segidan, elizatik atera eta jendeak feriaz gozatzeko aukera izan zuen. Erran moduan, beste urteetan baina pilatuago egoteak eta euria egiteak zaildu egiten zuen artisauak ikusteak, baina gogoa eta interesa zutenek, ederki baliatu zuten aukera.

Munduko janarien erakusketa

Aurten berritasun moduan, munduko janarien erakusketa eta dastatzea izan zen. Guretzat hagitz ezberdin eta ezezagunak diren jakiak dohainik jateko aukera ez zuten bazterrean utzi bertaratutakoek. Proposamen interesgarria, hagitz, beste gainerakoan, alegia, ordaindu behar izan ezkero, ziur aunitzek ez zutela probatzen, baina modu honetan beste kultura eta gastronomiak eskura-eskura jarri zituzten. Banabar dultzeak…arroza modu ezberdin batean…kalabaza ametsak…hortxe ziren hainbat emakume xehetasun eta argibide guztiak ematen. Gainera eguraldi nardagarri eta hotzak sabelean zerbait sartzera gonbitea egiten zuen. Artisau postuetan honakoak izan ziren: egurra lantzen Miguel Urroz, artilearekin, bere umore ederra erakutsiz, Bittoriano Arzuaga, Sati Hualde zubietarrak kaikuak nola egiten diren erakutsi zuen bertze behin ere, eta gutxienez eskuak bero mantentzeko baliagarria zen, jantzigintzan artisau bat baino gehiago topatu genuen. Batzuk, nolabait errateko, klasikoak ziren eta Zubietako Fausti Juanikorena bere jertse eta oihalak nola egiten diren erakutsi zuen, baina berri batzuk ere bere lan interesgarriak erakutsi zituzten. Rocio Arayak eskuz egindako kamisetak eraman zituen, bai haur eta baita helduentzat ere eta Itziar Smithek telar bat eraman eta erakutsi zuen. Gazteek mundu honetan sartzeko gogoa dutela ikus ahal izan genuen. Jon Olaizolak egurrarekin egindako lanak eraman zituen eta Jose Luis Olaizolak eliz atarian bertan, grabatu bat nola egiten den erakutsi zuen, nahiz eta eguraldiak larunbatean lana erabat baldintzatu. Daniel Fioramante ere klasiko bat bilakatu da gure eskualdeko ferietan eta larunbatean ere ez zuen hutsik egin nahi izan. Jakiei dagokienez, hiru izan ziren larunbateko ferian agertu zirenak. Batetik Carlos Mindegiaren gasnak, Yubiren pastak eta betiko moduan Zubietako Joxepa Loiarte eta bere laguntzaileak bertan izan ziren. Zer hobe talo goxo bat baino berotasunean sartzeko. Dena dela, eta eguerdiko 14etarako feriaren bukaera iragarrita zegoen arren, 13etarako jendea lekutzen hasi zen eta ziur bazkari eder baten inguruan bilduko zirela, berdin ze santuren aitzakian, ezta? Baina Santa Luzia feria ez zen horretan akautu eta arratsalde partean haurrentzat Kike, Koko eta Moko pailazoak zineman ikustekoa aukera izan zen eta haurrek arratsalde atsegina pasatzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun