134 dozena uso harrapatu dira denboraldi honetan Etxalarko sareetan

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 12a

Euskal Herrian sare bidez ehizatzen duten herrien artean bigarren izan da harrapaketa kopuruari dagokionez

Tira-birak tira-bira, eta polemikak polemika, uso aunitz harrapatu dute aurten Etxalarko Iharmendi gaineko sareetan. Joan den azaroaren 21ean akabatu zuten urriaren lehenbizian hasitako uso-denboraldia, eta Gerardo Danboriena usazaleak adierazi digunez “hagitz kontent daude emaitzarekin. Guztira 1608 uso harrapatu ditugu, 134 dozena”. Joan den urtekoa baino kopuru ttikiagoa da, iazkoa aspaldiko urteetako sasoirik hoberena izan zelako. Zaila zen hura berdintzea. Baina azkeneko bospasei urtetako martxa ikusita, “denboraldi hagitz ona” izan dela aitortu digute usazaleek. Gehiago ezin eskatu.

Urriaren 10ean kasik 25 dozena

Azaroaren hondar aldera, hagitz egun txarrak izan ziren, eta horregatik ez zuten denboraldia gehiago luzatu. Hala ere, ez dute eguraldiaren kexarik izan. Hego haize gutti ibili da, eta azaroan euria eta eguraldi txarra izan bazen ere, orokorrean, eguraldia lagun izan dute denboraldi hasi zenetik, akabatu arte. Uso goiztiarrak izan dira aurtengoak.Urria lehenbizian pasa handiak izan ziren. Urriaren 10ean kasik 25 dozena harrapatu zituzten. Aspaldiko urtetan ez omen zen hain goiz hainbertze uso harrapatu. Egun gutti batzuk hagitz onak izan ziren. Urriaren 17, 18 eta 19an adibidez, sekulako pasa izan zen. 13 usazale aritu dira Usategietan bi hilabetez lanean. Denak egunero egotea ez da erraxa, lan kontuak direla-eta. Baina elkarren artean txandakatuz, ederki moldatu dira. Asteburutan herriko gazte franko animatzen da usazaleei laguntzera, baina astetartez ez da hain erraxa. Hala ere, badirudi aitzinera begira ez dela arazorik izanen ohitura zahar honi ekontzeko, usazale gazteak ere heldu direla ematen baitu.

Euskal Herriko azpitxapeldunak

Urtero bezala, Etxalarko usazaleak Ipar Euskal Herriko bertze Usategietako lankideekin elkartu ziren uso-denboraldiari akabera emateko. Gogoratu behar da Hego Euskal Herrian Etxalarko Usategiak direla bakarrak. Muskildin, Zuberoan, elkartu ziren abenduaren 6an, Napaleko usazaleek gonbidatuta. Han egin zuten urteroko “ranking”a; usategi guztiek, harrapatutako uso-kopurua kontutan hartuta, egiten dutena. Aurten bigarren postua lortu dute etxalartarrek. 70 usoren diferentziarekin, azpitxapeldun gelditu ziren, Sueskungo Lantabat usategien ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun