Abenduaren 13an, larunbatean, Santa Luzia eguna ospatzen da eta urtero bezala, besta egun handia antolatu du Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren Turismo Zerbitzuaren eta Cederna-Garalur elkartearen laguntzaz.
Eskulanen erakusketa eta salmenta
Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara artisauen lanen erakusketa eta salmenta eginen da Elizako atarian. Zura landuz tresna ezberdinak egiten dituzten Miguel Urroz, Santiago Hualde eta Jon Olaizola izanen dira; artilea lantzen duen Bittoriano Arzuaga, Fausti Juanikorena jantzigilea, Rocio Arayaren kamisetak, Jose Luis Olaizolaren grabatuak, Carlos Mindegiaren gasnak, Yubiren pastak, Daniel Fioramanteren zeramika eta Itziar Smithen telarrak, eta nola ez Zubietako taloak jateko aukera ere izanen da, Joxepa Loiarte eta bere taldearen lanari esker.
Munduko janarienerakusketa
Baina Euskal Herriko jaki goxoez gain, Munduko janariak erakusketa ere zabalduko da eta dastatzeko aukera ere emanen dute goiz osoan. 11:00etan, Meza Nagusia izanen da eta Doneztebeko Udalak Urrezko Titarea emanen du. Jakina, Santa Luzia eguna Jostunen Eguna da eta urtero-urtero, Donezteben hain zabaldua egon zen lanbide horretan aritu zen emakumeren bati sari hori ematen diote. Arratsaldeko 17:30ean, Kiki, Koko eta Moko pailasoak izanen dira zineman.
Igandean Urrezko Aizkora
Igandean, abenduaren 14an, eguerdiko 12etan aizkora apostua ikusteko aukera izanen da udal pilotalekuan, Urrezko Aizkora txapelketaren barrenean. Helduetan, Mikel Mindegia eta Senosiain, gaur egungo txapeldunak diren Donato Larretxea eta Atutxaren kontra ariko dira. Segidan, gazteen kategorian, Oihan eta Garikoitz Larretxea lehengusuek, gaur egungo txaopeldunak hauek ere, Ander Erasun eta Kañamares arerio zailak izanen dituzte.