Kirol Jolasetako eta Lizarrako lau terdiko txapelketako partidak jokatuko dituzte Errekako pilotariek

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 11a, 15:33

Nafarroako Kirol Jolasetako zenbait partida izanen dituzte aste hondarrean Errekako pilotariek. Abenduaren 13an, larunbat goizean, Burlatako Askatasuna frontoian, hirugarren mailako infantiletan, Errekako Ibai Iribarren eta Javier Saldias Zugarraldeko bikotearen kontra ariko dira. Oberena pilotalekuan, berriz, bigarren mailako benjaminetan, Errekako Asier eta Gorka Antuña anaiek Oberenako bikotea izanen dute arerio. Lizarra Remontival pilotalekuan, bigarren mailako jubeniletan, Errekako Irail Zestau eta Xabier Carrion, San Migueleko bikotearen kontra lehiatuko dira.

Lizarrako lau terdiko txapelketa

Remontival pilotalekutik gabe, Lizarrako lau terdiko txapelketa jokoan da kategoria ezberdinetan. Larunbatean, abenduaren 13an, 22 urtez beheitiko kategorian partida jokatuko du Errekako Joseba Madariaga aranztarrak San Miguel elkarteko Urrizelkiren kontra. Arratseko 20:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da.

Joan den astelehenean, abenduaren 8an jokatutako partidetan garaipena lortu zuten Errekako bi pilotarik, lau terdiko txapelketa honetan. Jubenil mailan, partida borrokatuan, Beñat Oronoz lesakarrak 18 eta 17 irabazi zion Irurtzungo Arangoari. Senior kategorian, azkenik, Errekako Aritz Anguitak 18 eta 14 irabazi zion Paz Zigandako Berrogiri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun