Aralarrek autopistetan bineta soziala paratzeko proposamena egin du, baina ez N-121A errepiderako

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 11

Suitzako kasuan, errate baterako, urte osorako 25 euro inguruko bineta ordaintzen dute erabiltzaileek

Egunotan zenbait komunikabidetan agertutako informazioa argitze aldera Baztan-Bidasoako Aralarrek N-121A eta N-1 errepidetan edo A-15 autobidean bidesaririk jartzeko inolako proposamenik egin duenik ukatu egin du.

Bidesaria autobidean eta N-121ean EA eta EAJren proposamena da, ez Aralarrena

Aralarrek joan den maiatzaren 8an Gipuzkoako lurralderako bidesari sistemaren iraultza ekarriko lukeen proposamena plazaratu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hori da, gaur egun ere, Gipuzkoako bideen tarifikaziorako ponentziaren baitan sustatzen ari den jarrera. Aralarren proposamenean hiru ardatz dira nabarmentzekoak nagusiki. Lehenengoa egungo sistema sinplifikatuko lukeela, bigarrena askozaz merkeagoa izango litzatekeela, hirugarrena dagoeneko bidesariekin funtzionatzen duten bideetan bakarrik ezarriko litzatekeela sistema hori, alegia, A-8an eta AP-1ean. Aralarren proposamenean ez da inondik inora aipatzen N-1ean, A-15ean, N-121A edo bertze edozein errepidetan bidesariaren bat jarri behar denik ibilgailu arinentzat. Hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena izan da, EAJ eta EAren proposamena, alegia.

Bineta soziala

Aralarrek oinarri horietatik abiatuta ibilgailu arinentzat bineta soziala deitu duten sistema martxan paratzeko proposamena luzatu du behin eta berriz Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bineta soziala A-8a eta AP-1a erabiltzeko tarifa lau bat izango litzateke, eta beraz, Aralarrek ez du inolako ordainsaririk paratzeko defentsarik egiten N-121A errepiderako. Austria eta Suitza bezalako herrialdeetan erabiltzen den sistema hona ekartzea izanen litzateke. Gauzak horrela, erabiltzaile batek, urteko diru kopuru baten truke bide horiek erabili ahal izanen lituzke, mugagabe.

Ibilgailu arinen kasuan

Bineta soziala eskuratzearen truke Suitzan, errate baterako, erabiltzaileek 25 euro ordaintzen dute urte osoan. Horrek erran nahi du, sistema hori ezarriko balitz, gaur egun baino anitzez ere merkeagoa izanen litzatekeela bidesaria. Aralarren helburua da erabiltzaileek ere bide horien hobetzean eta mantenuan laguntzea, eta kutsatzen duenak ordaindu behar izatea, baina laguntza horrek mugikortasun beharrengatik erabiltzaileak zigortu gabe. Hori ibilgailu arinen kasuan izanen litzateke, 3,5 tonatik goitiko ibilgailuen kasuan, orain arteko beherapen sistemarekin jarraitzea proposatuko genuke. Horrek ez du erran nahi, hala erabakiz gero, beherapen handiagoak ezar ez litezkeenik ibilgailu horien kasuan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun