Igantziko Euskara Batzordeak bertze urte batez Kultur Egunak antolatu ditu abenduko lehen asteburu luze honetarako.
Ortziral arratsean txiste afaria izan zen Biltokin, Guillermo Segurola azpeitiarraren eskutik.
Larunbatean Baratzondon haurrentzako filmea eskaini eta goxokiak banat ziren. Hori akaututakoan, Go!azen euskarazko film musikala eskaini zen gaztetxoentzat eta iluntzean, berriz, helduentzako antzerkia izan zen.
Igandean, Ziber Txokoan, “Zeinen ttikiak garen! unibertsoari buruzko erakusketa interaktiboa eskaini zen eta haurrentzako ekintzak izan ziren.
Arratsean Baratzondon Iddwac musika taldeak kontzertua eskaini zuen.
Sendabelarrei buruzko erakusketa eta bizkotxo lehiaketa astelehenean Igantzin
Baina beharbada astelehena, abenduaren 8a, izan zen egunik indartsuena, egitarauari dagokionez. Baratzondon “Etxeko produktuen eta sendabelarren mundua” erakusketa ikusgai izan zen. Sendabelarrei buruzko ikusentzuneko interesgarria eman zen goiz osoan eta gai honi buruz gehiago jakin nahi zutenek, ordenagailu bat ere bazuten eskura kontsultatzeko.
Eguerdian frontoian bizkotxo lehiaketa egin zen eta erran behar da aski arrakastatsua suertatu zela. Denera hamalau bizkotxo prestatu zituzten igantziarrek eta zaporea ez ezik, itxura ere ederki zaindu zutela begi bistan uzten dute irudi hauek. Bizkotxo batzuk aski orijinalak izan ziren!
Lana gogotik egin behar izan zuten epaileek irabazlea zein zen erabakitzeko. Azkenean, lehen saria Enaitz eta Gorkak eskuratu zuten, bigarren saria Amador Txoperenak eta hirugarrena Maite Legasak eta Ana Sirerak. Bizkotxo lehiaketara aurkeztutako opilekin eta bertze zenbait jan eta edarirekin berendu ederra izan zuten Igantzin, aurtengo Kultur Egunei akabaila gozo-gozoa emateko.
Iturenen ortziraletik igandera
Igantzin ez ezik Iturenen ere Asteburu Kulturala izan dute abenduko lehen aste hondar luze honetan. Urtero bezala, Iturengo Ibintza Kultur Taldeak antolatu du ortziraletik igandera.
Ortziralean, trikitilariak karrikaz karrika ibili ziren eta ondotik Herriko Etxeko Ganbaran Andres Iñigok hitzaldi interesgarria eskaini zuen, “Nor zen Iturengo arotza?” gaia hizpide hartuta. Eta eguna ongi akitzeko talo jatea egin zen.
Larunbat goizean ttikienendako jokuak
Larunbatean izan zen ttipi-ttapa telebistako kamara Iturenen eta haurrendako tailerrak eta gaztetxoendako herri kirolak grabatu zituen. Zehazki, Herriko Etxeko ganbaran ttikienendako margoak eta eskulanak egiteko aukera utzi zuten eta hantxe ibili ziren Iturengo neska-mutikoak, marrazten, olentzerori eskutitzak idazten eta bertze hainbat lanetan. Zola gainean paratutako paper handi batean ere, pintzelak hartu eta beraien “artelanak” margotu zituzten.
Bitartean, beheitian koxkorragoak herri kiroletan aritu ziren. Taldeak osatzeko, lehenik zapiaren jokuan, pañuelitoan aritu ziren, eta hortik bi talde egin zituzten. Euria egiten zuenez, zenbait joku herriko etxeko arkupean egin zituzten, baina bertzeak kanpoan. Herri kirolean, koxkor biltzen, txingak eramaten, zaku lasterketan, laisterka eta bizikletan ibili ziren, bi itzuli emanez. Behin jokuak akituta, haurrendako bazkaria izan zen Herriko Etxeko Ganbaran. Arratsaldean, mus txapelketa, ipuin kontalariak eta arratsean kantu afaria izan zen Herriko statuan. Dantzatzeko aukera ere izan zen, Joxe Angel akordeolariaren doinuekin.
Igandean, Anje Duhaldek kontzertua eskaini zuen Herriko Etxeko Ganbaran.