N-121A errepidean mozketak izaten ari dira abenduaren 9tik 12rako aste honetan ere

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 9a

Lehenbizikoa, lau ordukoa, astearte eguerdiko 12:30etik 16:30era izanen da

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, abenduaren 9tik 13rako aste honetan, zenbait egunez moztuko da N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.

Astearte, ortzegun eta ortziralean

Zehazki, Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean, 68 kilometro inguruan eginen den leherketen ondorioz, erabat moztuko da errepidea asteartean, abenduaren 9an, lau orduz, eguerdiko 12:30etik 16:30era. Ortzegunean ere, abenduaren 11n, leku berean hiru orduko mozketa eginen da, 12:30etik 15:30era.
Gipuzkoako aldean, Irun-Endarlatsa tartean, 72. kilometro inguruan erabat moztu da errepidea ortziral eguerdian, abenduaren 12an, bi orduz, 12:30etik 14:30era.

Txandakako pasabidea

Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaunen 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.
Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Mugairiko zeharbidea itxia aste honetan

Aipatzekoa da, azkenik, Mugairiko zeharbidea, NA-8303 errepidea, asteartetik ortziralera, abenduaren 9tik 12ra, itxia egonen dela, saneamendu lanak egin behar direlako. Seinaleen bitartez jakinaraziko dira behin behineko desbideratzeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun