Medikuen zerbitzuan dagoen gabeziarekin kezkaturik, Maria Kutz Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariarekin biltzeko eskaera egin dute Malerreka eta Bertizaranako bederatzi udalerritako alkateek. Ezkurra, Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien, Urrotz, Zubieta, Ituren, Sunbilla eta Bertizaranako Udalak dira arazoari irtenbidea emateko eskatu dutenak. Azaroaren 26an luzatu zioten eskaera Nafarroako Gobernuari. Izan ere, aspaldion mediku eskasiagatik zenbait egunez herrietako kontsultak itxi egiten dituzte, eta gaixoek Doneztebera joan behar dute. Horretarako, saldiastarren kasuan, 17 kilometro egin behar dituzte; Ezkurra eta Eratsungoek gehiago, 18 kilometro inguru. Arazoa, beraz, hor dago eta aterabidea ematea nahi dute herritarrek eta udal ordezkariek.
Hiru neurriko akordioa
Azaroaren 27an Malerrekako herritarrei arazoaren berri emateko bilkura egin zen Iturenen. Administrazioak aterabiderik eman ezean, arazoak okerrera eginen duela nabarmendu zen orduan. Hiru puntuko akordio batera ere ailegatu ziren: batetik, eskualdeko udal guztiei herrietan bilkurak egiteko eskatu; bertzetik, zonaldeko guztiak bildu eta ahobatezko jarrera adostu; azkenik, herritarren kexak bildu eta administrazioarengana jo zerbitzuaren murrizketarekin kexatuz eta arazo larri honi irtenbidea emateko eskatuz.
Ezkurrak kexa formala 89 herritarren sinadurarekin
Egoera salatzeko eta Ezkurrako medikuen kontsultak lehen bezala funtziona dezan eskatuz, Ezkurrako Udalak kexa formala aurkeztu du 89 herritarren sinadurekin batera.