Nafarroako Gobernuak partzialki desblokeatu berri du ekainaz geroztik blokeatua zuen euskara hedabideetan sustatzeko diru-poltsa. Xede horretarako gordeta zituen 310.000 eurotatik, 240.000 banatuko ditu zehazki.
Nafarroan euskaraz ari diren hedabideak, neurriak zuzenean eragiten dien heinean, idatzi bat karrikaratu dute, egoeraren berri emateko. Zehazki, eskualdean ttipi-ttapa telebistak eta aldizkariak, Xorroxin irratiak, Xaloa Telebistak, Leitzako marmari aldizkariak eta Goizuetako Xapo aldizkariak sinatu dute idatzia eta beraiekin batera, Xuka, Guaixe, Nabarreria, Kotarro, Karrika, Mailope, Zorroka eta Pulunpe aldizkariek, Beleixe eta Esan-Erran irratiek eta Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioak.
«Aurrekontu osoaren %7,6 bakarrik estaliko du»
Hedabideek, laguntza poltsa hori desblokeatzeko Hezkuntza Sailak eta Euskarabideak egindako ahalegina aitortu eta eskertu ondotik, argi eta garbi utzi nahi izan dute “aurrekontuan gordeta zegoen kopurua eta azkenean banatuko dena, nahikoa izatetik oso urrun daudela”. Izan ere, 240.000 euroko poltsa horretatik %65 bakarrik izanen da euskara hutsezko hedabideentzako, hau da, “euskaraz dihardugun hedabideen aurrekontu globalaren %7,6 baino ez”. Aurten dirulaguntzekin gertatu dena “erabat onartezina dela eta ezin dela errepikatu” uste dute. 30 komunikabide eta 56 profesional ari dira Nafarroan euskara hutsezko zerbitzua ematen eta “haietako bakar batek ere merezi ez duen errespetu falta handia da haien guztien egunerokotasuna kolokan jartzea, jarri izan den moduan”.
Epe ertain-luzeko hitzarmenaren premia
Euskararen Legeak euskara sustatzeko agindu argia ematen dio Gobernuari eta hedabideen kasuan, euskararen normalizazioari eta gure inguruan bizi direnei ekarpen hori egiteko nahitaezkoa da Gobernuaren dirulaguntza. Hori guzia, “epe ertain-luzeko hitzarmen baten bidez baino ezin dela lortu” uste dute komunikabideek eta alde horretatik, idatzia sinatu duten hedabideek “mahai baten inguruan eseri eta hitzarmen horren xehetasunen inguruan hitz egiten hasteko erabateko prestutasuna” adierazi nahi diote Gobernuari.