Zugarramurdiko araztegiko sarbidea zabalduko du Nafarroako Gobernuak, 178.528 euroko gastuarekin

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 4a

Hiru hilabetez eginen dituzte lanak, 2009ko lehen urte erdian

Zugarramurdiko Udala, Nilsa (Navarra de Infraestructuras Locales SA) enpresa publikoarekin elkarlanean, ur-depuradora edo araztegiko bidea zabaltzeko proiektuaren lehen urratsak ematen hasi da. Aurreikuspenen arabera, lanen kostua 178.528 eurokoa izanen da, eta esku-hartzea gauzatu ahal izateko beharrezkoa izan da Nafarroako Gobernuak akordioa erdiestea. Nafarroako Gobernuak abenduaren 1eko bilkuran hartu zuen akordioa. Gainera, proiektuak ukitzen dituen ondasunen eta eskubideen okupazioa presakotzat jo dute, desjabetu ahal izateko.

Lanak Nilsak finantzatuko ditu

Lanak Nilsak finantzatuko ditu, arazketa kanonaren bidez, hau da, nafar guztiok uraren fakturaren bidez ordaintzen dugun kanona. Aurreikuspenen arabera, araztegiko bidea zabaltzeko lanak 2009ko lehenengo seihilekoan hasiko dituzte, eta hiru bat hilabetetan akautuko dituzte.

Duela hogei urte egindako depuradora

Zugarramurdiko araztegia Nafarroako zaharrenetako bat da; izan ere, 1988koa da, hau da, 1989an onartu zen Nafarroako Ibai eta Erreken Arazketarako Plan Zuzentzailea baino lehen egindakoa. Denboraren poderioz, araztegiko lana handitu da egin da eta bideak dagoeneko ez ditu asetzen gaur egungo beharrak; gainera, arras estua da ibilgailu gehienendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun