Azken urteetan bezala, ongi hornitua dator Iturengo Ibintza Kultur Taldeak antolatutako Asteburu Kulturala. Abenduaren 5, 6 eta 7an ospatuko dira, ortziraletik igandera.
Iturengo arotza nor zen jakiteko solasaldia ortziral arratsean
Ortziralean, abenduaren 5ean, 20:30ean trikitilariak karrikaz karrika ibiliko dira. Ondotik Herriko Etxeko Ganbaran Andres Iñigok hitzaldia eskainiko du, “Nor zen Iturengo arotza?” gaia hizpide hartuta. Eta eguna ongi akitzeko talo jatea eginen da.
Haurrendako bazkaria, antzerkia eta kantu afaria larunbatean
Larunbatean, abenduaren 6an, goizeko 11:00etan haurrendako tailerrak eta gaztetxoendako herri kirolak izanen dira. 13:30ean haurrendako bazkaria izanen da Herriko Etxeko Ganbaran. 16:00etan mus txapelketa jokatuko da 16 urtetik goitikoentzat. 16:30ean Gorringo Antzerki Taldearen eskutik “1.028 kontu” izeneko ipuina kontatuko da haurrentzako, Herriko Etxeko Ganbaran. 21:30ean kantu afaria izanen da Herriko Ostatuan. Ondotik dantza egiteko aukera eskainiko dute Joxe Angel akordeolariaren doinuek. Aipatu behar da afarirako txartelak hartzeko hondar eguna ortzeguna, abenduaren 4a izanen dela, betiko tokietan.
Anje Duhalde igande arratsaldean
Igandean, abenduaren 7an, arratsaldeko 18:00etan Anje Duhaldek kontzertua eskainiko du Herriko Etxeko Ganbaran, Iturengo Asteburu Kulturalari akabaila goxoa emateko.