790 langabetu daude eskualdean, azken hogei urteetako kopururik handiena

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 4a

Azaroan %18 igo zen Doneztebeko bulegoko langabetu kopurua, Nafarroa osoko igoerarik bortitzena

Krisia gogor jotzen ari da mundu osoan eta hori langabeziko datuetan somatzen da. Azaroan nabarmen goiti egin du langabeziak Nafarroa osoan, %10,16, baina Nafarroa osoko bulegoen artean, Doneztebekoa da langabeziaren igoerarik bortitzena jaso duena. Izan ere, eskualdean kasik %18 igo da langabezia azaroan eta 120 lagun gehiago daude lanik gabe. Zehazki, urri hondarrean 670 ziren izena emandako langabetuak eta hilabete beranduago, azaroaren 30ean 790 ziren, azken hogei urteotan izan den kopururik handiena. Bi hilabetez, irail hondarretik azaro hondarrera kasik 200 langabetu gehiagok eman dute izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan eta 591tik 790era pasatu dira.

Hilabete osoan bakarrik 37 kontratu mugagabe

Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 343 kontratu gauzatu ziren azaroan, eta horietatik 37 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, ia tarte guzietan goiti egin du langabeziak. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta azaroan 394 langabetu daude, urrian baino 56 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere urrian baino 50 langabetu gehiago daude azaroan, 296. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere goiti egin du langabetu kopuruak. 66 gizon baitaude lanik gabe, urrian baino 17 gehiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean aldiz, zertxobait beheiti egin du langabeziak, adin horretako 34 emakume baitaude lanik gabe, urrian baino 3 guttiago.

Zerbitzu eta industria arloan igoerarik handiena

Lan arloei dagokienez ere, denetan goiti egin du langabeziak, baina zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen eta gehien igo dena da gainera. Gaur egun 459 langabetu ditu arlo horrek, urri hondarrean baino 75 gehiago. Industrian 188 langabetu daude, urrian baino 25 gehiago. Eraikuntzan 16 lagunetan goiti egin du langabeziak eta 73 langabetu daude; nekazaritzan ere zertxobait goiti egin du langabetu kopuruak, 17 baitira langabetuak, urrian baino 4 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean, berdin segitu du langabeziak azaroan, urrian bezala 53 langabetu baitaude eskualdean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun