Aurtengo ikasturtea indartsu hasi du Jon Irazokik zuzentzen duen Doneztebeko Mendi Abesbatzak eta horren erakusgarri, emanaldi aunitz eskaintzen ari da asteotan. Hasteko, joan den larunbatean, azaroaren 29an Leitzara joan ziren Mendi Abesbatzakoak, Nafarroako Mendialdeko Abesbatzen Topaketan parte hartzera. Horren ondotik, abenduaren 3an Nafarroaren Eguna dela-eta, Kortes herrira bidaiatuko dute doneztebarrek, bertan eguerdi partean beren kontzertua eskaintzeko.
Abenduaren 19an emanaldia gonbidatu bereziekin
Eta urtea ahalik eta hobekien akitzeko, abenduaren 19an, ortzirala, arratsaldeko 20:00etan, Doneztebeko San Pedro Elizan Eguberri Kontzertua eskainiko dute. Aurtengoan gainera, berrikuntza nabarmena izanen da kontzertu honetan, gonbidatu hagitz bereziak izanen dituztela aipatu baitute Mendi abesbatzako abeslariek, baino oraingoz, gonbidatuon izenak kontu handiz sekretupean gorde nahi dituzte.