Gaur egun Erreka elkarteko eskubaloiko lehen taldeko entrenatzaile izateaz gain, bere garaian sortzaile ere izan zen Txomin Mindegiak Nafarroako Gobernuak Kirol Merituari eskaintzen dion Zilarrezko Domina jaso du asteartean, abenduaren 2an. Sari honekin, Nafarroako kirol jardueretan 25 urtez lan egin duten zuzendari eta teknikariak saritzen dira. Zehazki, Txomin Mindegiak Errekan 25 urtez egindako lana saritu da. Nafarroako Jauregian eman diote saria asteartean, Nafarroaren Eguneko ekitaldien barrenean.
Eskubaloi taldearen sortzaile
Txomin Elizondon ikasten zuenean hasi zen eskubaloian eta Doneztebeko gazte koadrila aritzen zenez, herrian bertan eskubaloi taldea sortu zezaketela gogotu zitzaien. Gogotu eta egin, 1976an sortu zuten Erreka taldea. Lehenbiziko urte haietan jokalari izan zen Txomin Mindegia eta gero, zuzendaritza batzordean ez ezik, entrenatzaile lanean ere aritu da, talde nagusitik hasi eta ttikienak bitarte. Talde nagusiarekin liga bat irabaztea ere lortu zuen. Beheitiko taldeetan lan handia egina da Txomin eta berak eta bertze zenbaitek egindako lanek bere emaitzak ekarri dituzte. Gaur egun, Errekatik ateratako Niko Mindegia Asobal ligan ari da Portland taldearekin eta Ibai Meoki eta IƱaki Indabere TID San Antonio taldearn ari dira.
Mendi taldean ere gogotsu
Gaur egun, Errekako eskubaloi talde nagusiaren entrenatzaile da Txomin Mindegia eta liga hasiera bikaina egin dute, lehen zazpi partiduetatik sei irabaziz. Hain xuxen larunbat honetan galdu dute lehenbizikoa. Horretaz gain, mendi taldeari ere arras lotua dago Txomin.