Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, abenduko lehenbiziko aste honetan ere, zenbait egunez mozten ari dira N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.
Gipuzkoako aldean, Irun-Endarlatsa tartean, 72. kilometro inguruan erabat moztu da errepidea abenduaren 1ean, astelehen eguerdian, bi orduz, 12:30etik 14:30era.
Endarlatsa-Bera zatian astearte eta ortziralean
Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean, 68 kilometro inguruan eginen diren leherketen ondorioz, erabat moztuko da errepidea asteartean, abenduaren 2an, hiru orduz, 12:30etik 15:30era eta ortziralean, azaroaren 5ean, bi orduz, 12:30etik 14:30era.
Txandakako pasabidea
Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaun inguruan 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.
Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.