Mikel Laboa hil da

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 2a, 15:20

TTIPI TTAPA

Euskal kantari eta musikagilea izan zen.

Mikel Laboa musikari donostiarra azken hilabeteak gaixorik eman ondoren, gaur hil da 74 urte zituela. Azken egunotan ospitalean zegoen eta gaur, abenduaren 1ean, goizeko 8:30tan hil da.

Hilabete honetan bertan Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzekoa zen kantaria euskal musikagintzari egin dion ekarpenagatik eta egindako ibilbide luze eta zabalagatik. Abenduaren 23an egitekoa zen ekitaldi hori.

Biografia

Donostiako Parte Zaharrean jaio zen 1934ko ekainaren 15ean. Gerra Zibila hasi orduko familiak alde egin behar izan zuen: aitak, udaletxeko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; ama eta zazpi seme-alabak Lekeitio aldera joan ziren, eta han bizi izan ziren aldi batean. Donostiara itzulita, marianisten ikastetxe batean ikasi zuen. Batxilergoa amaituta medikuntza ikastea erabaki zuen. 1953an ekin zion eta Madrilen, Iruñean, Zaragozan eta Bartzelonan aritu zen, harik eta 1967an haur neuropsikiatrian espezializatu zen arte. Urte horietan Iparraldeko herri musikak interes handia sortu zion eta Katalunian zela gertutik ezagutu zuen Nova Canço zeritzon musika mugimendua. Lagun batek oparitan emaniko Atahualpa Yupankiren diska batek ere Hego Amerikako kantarien berri eman zion eta haien xarma erakutsi[1]

Bakarkako arrakastak

1974an Bat-Hiru diskoa egiten du, jada euskal ereserkiak bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki Txoria txori). Diska hau Mendeko Euskal Diskarik hoberena izendatu zuten Diario Vascon eginiko bozkaketa batean. Ondoren aldaketak egin zituen bere musikan eta jazz musikarekin batera lana egin zuen Iñaki Salvadorrekin. Donostiako Orfeoiarekin diska bat ere argitaratu zuen. Bere lanetan bitxikeria bar badago: LP guztiak zenbakituak daude, 1etik 17raino, baina 13rik gabe, Ez dok hamairu taldearen omenez. Julio Medem donostiarraren Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra dokumentaleko soinu banda ere Mikel Laboarena da. Donostiako Antigua auzoan bizi zen. 2008ko abenduaren 1ean zendu zen, Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zioten urte beran[2].

Diskografia

* Ursuako Kantak, 1966 (EP)
* Bertolt Brecht, 1969 (EP Bertolt Brechten letrekin)
* Haika Mutil, 1969 (EP)
* Euskal Kanta Berria, 1972 (LP. Aurrekoen bilduma)
* Bat-Hiru, 1974. (LP bikoitza. Bi izenenko diskoa ez zen argitaratu Bertolt Brechten letrak zentsuratu zituztelako)
* Lau-bost, 1980 (LP bikoitza).
* Sei, 1985.
* Lekeitioak, 1988 (7tik 11ra dihoazen Lekeitioak diska ez argitaratuak)
* Hamabi, 1989
* Hamalau, 1994
* Mikel Laboa Zuzenean, 1997
* Zuzenean II - Gernika, 2000 (Donostiako Orfeoiarekin).
* 60ak+2, 2003 (Lehen obren bilduma).
* Xoriek - 17, 2005.
* Lekeitioak, 2007 (berrargitaralpena CD bikoitzean).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun