Baztan-Bidasoako gasbidearen obren hasi dira ofizialki ortziral eguerdian

Aitor AROTZENA 2008ko azaroaren 28a

8,7 milioi euroko aurrekontua izanen duten lanak Donezteben, Sunbillan, Igantzin eta Lesakan hasi dira. TTIPI TTAPA

Hamar hilabetez gas naturala ailegatuko da Malerreka, Bertizarana eta Baztango zenbait herritara

Baztan-Bidasoako gasbidearen lanen hasieraren aurkezpen ofiziala egin dute ortziral eguerdian Donezteben. Lan hauekin, Sunbilla, Legasa, Narbarte, Oieregi, Doneztebe, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Elbete eta Elizondora ailegatuko da gas naturala. Gaur egun Irunetik Lesakaraino heldu den gasbideari segida emanen zaio honela eta Lesakatik Elizondora bertze 33 kilometro terdiko eraikiko dira, Espainiako Industria, Turismo eta Komertzio Ministerioak, Nafarroako Gobernuak eta Gas Navarra enpresak sinatutako hitzarmenari esker.

Nafarren %27ak erabiltzen du gas naturala, Europako banaz bertzekotik goiti

Lanen hasierako ekitaldi honetan, Jose Maria Roig, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegurako kontseilaria, Antoni Peris, Gas Natural enpresako Negozio Arautuen zuzendari nagusia eta Javier Lara, enpresa honetako Garraio Proiektuen arduraduna izan dira, eskualdeko herrietako hainbat alkate, zinegotzi eta Gas Navarrako bertze zenbait agintarirekin batera. Solasaldien txandan aipatu denez, nafarren %27ak dauka gas naturala lehenbiziko hornigai bezala, Espainia osoko eta Europako kopuruetatik goiti.

2.400 familiei zerbitzua emanen die gasbide berriak

Obra ingurura bixita ere egin da eta langileak gas hodia soldatzen ari ziren bitartean, Nafarroako Gobernuko eta udal agintariek argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute, lanen inguruko jakingarriak elkartrukatzen zuten bitartean. Orain hasi eta hamar hilabeteko epean lanak akautzea espero da eta heldu den urteko uda aldera gas naturala eskura izanen dute arestian aipatutako herrietako 2.400 familiek eta hainbat enpresek. Lanak lau lekutan hasi dira: Lesakan, Igantzin, Sunbillan eta Donezteben. 8,7 milioi euroko inbertsioa eginen da eta Nafarroako Gobernuak 3,8 milioi euro paratuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun