Eguberriak gainean ditugula eta hainbat ekitaldi eginen dira Donezteben

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 27a

Erreka elkarteak urteroko saskia osatu du aurten ere

Doneztebeko Udalak eta herriko bertze elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte Eguberrien atarian. Abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra, 12-13 urte bitarteko neska-mutikoentzako jolas-parkea paratuko da. 16:00etatik 20:00-etara egonen da zabalik eskolako frontoian eta bi euro ordaindu beharko dira horretarako. Dohanik joateko aukera ere izanen dute batzuk, Doneztebarrak Merkatarien Elkartea parkerako 50 sarrera zozketatzen ari baita.

Fatxada eta balkoi lehiaketa

Doneztebarrak Merkatarien Elkarteak fatxada eta balkoien lehiaketa ere antolatuko du Eguberrietarako. Apaingarriekin dekoratutako etxe-aurrealde edo balkoiak sarituko dituzte. Kontsumoa murrizte aldera, berriz, Doneztebeko Udalak aurten Eguberrietako apaingarrietan aldaketak eginen ditu. Orain artekoak zaharkituak gelditu direlako eta aunitz kontsumitzen dutelako berriak erabiliko dira Eguberriotan. Kontsumo baxuko argiak erabiliko dira, eta ikusgarriagoak.

Erreka elkartearen saskia

Bertze aldetik, azken urtetan bezala, Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteko kideek Eguberritako Saski paregabea osatu dute. Honen zozketa abenduaren 20an izanen da, igandean, eguerdiko 13:00 etan elkartearen egoitzan. Horrela dago osatua Eguberritako saskia: Mendi bizikleta, mikrouhin labea, telebista, likuadora, sandwichera, argazki makina, turroiak, urdaiazpikoa, ardoa, likoreak... eta bertze aunitz gauza. Eguberritako Saskia hagitz garrantzitsua de elkarteak urtean guztian zehar egiten dituen jarduerak finantziatzeko. Boletoak komertzio desberdinetan salgai daude dagoneneko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun