Aitor Etxarri Nafarroa Baiko parlamentari leitzarra esne kuota pixkanaka altxatu eta 2015eko apirilaren 1ean sektorearen liberalizazio osoa eraginen duen Europako Parlamentuaren erabakiaren kontrako iritzia azaldu du. Esne merkatuaren liberalizazioak, Etxarriren ustez “esne hustiategi txiki eta ertainen desagertzea eraginen du eta beraiekin, Nafarroako berezko bizimodu baten desagertzea ere”.
«Esnearen prezioa goiti, konpainia handien mesederako»
Duela egun batzuk, ildo beretik mintzatu zen Mikel Irujo EAko eurodiputatua ere, neurri honekin esne sektorea multinazional gutxi batzuren esku geldituko dela erranez eta “horietatik erdia baino gehiago ez direla ezta europarrak izanen”. Petroleoarekin gertatu den bezala, gure elikaduran oinarrizkoa den esnearen prezioak ere gorakada handiak izan ditzakela iragarri zuen Irujok, “ez produktoreen medeserako, konpainia handien mesederako baizik”.
Baserriaren kontzeptua desagertzear
Europak hartutako erabakiak bi ondorio izanen ditu Nafarroan, EAko ordezkarien ustez: “2012rako produkzioari ematen zaizkion dirulaguntzen %10 jautsiko da guttienez eta epe luzean, familiako esplotazioen eta gaur egun oraindik Nafarroako zenbait lekutan ezagutzen dugun baserriaren kontzeptua desagertuko dira”.
Erabaki honek, lehendik ere egoera zailean zegoen sektorearen krisia sakondu bertzerik ez duela eginen uste dute A.