Kultura ondarea zaintzeko eta berreskuratzeko lehiaketako sariak banatu ditu Cedernak

ttipi-ttapa 2008ko azaroaren 26a

Saria jaso duten erakundeetako ordezkariak Lesakako Burdinaren Etxearen atarian. TTIPI TTAPA

Lesakan egin da ekitaldia asteazken eguerdian eta eskualdeko hainbat proiektu saritu dituzte

Nafarroa Mendialdeko Kultura Ondarea zaintzeko eta berreskuratzeko bosgarren lehiaketaren sari banaketa egin du Cederna Garalurrek asteazken eguerdian Lesakako Burdinaren Etxean. Cederna Garalur Elkarteak, Nafarroako Mendialdea LEADER+ programaren barnean, Nafarroako Mendialdeko herriek ondare kulturala eta arkitektonikoa berreskuratzen egindako lana balorizatzea eta saritzea helburu duen lehiaketa hau antolatu du bosgarren urtez.

Cedernako ordezkariak

Sari-banaketan Luis Garate, Cederna Garalur Elkartearen presidentea, Fermin Villanueva, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Turismo Produktuak Antolatzeko eta Garatzeko zerbitzuburua, Koldo Erkizia Lesakako alkatea eta Esther Celaya Cederna Garalur Elkarteako zuzendari-gerentea eginkizunetan, izan dira.

6.000 euroko bost sari eskualdera

Bosgarren edizio honetan Nafarroako hainbat udalerritako 11 proiektu saritu dira, 6.000na euroko zortzi sari, 2.000 euroko aipamen berezi bat eta diru-saririk gabeko bi aipamen berezi eman dira. Denek jaso dute Muskildako Jone Villanueva eskulangilearen zurezko erloju bana. Eskualdeari dagokionez, bortz erakunderi eman zaie 6.000 euroko saria: Baztan eta Urdazubiko Done Jakueren Bideko Lagunen Elkarteari, Azpilkuetako Urrasun auzoko Santiago baseliza birgaitzeagatik; Etxalarko Udalari Etxalarlatsa Ola Zaharra proiektuagatik; Zubietako Udalari, Zubietako San Anton baseliza berreskuratu eta birgaitzeagatik; Baztango Udalari, Amaiurko gazteluan egiten ari den esku-hartze arkeologikoagatik eta Goizuetako udalari, Zubimusuko latsarria berreskuratzeagatik.

2.000 euroko aipamen berezia Lesakako udalari

Hauetaz gain, Lesakako udalak ere 2.000 euroko aipamen berezia jaso du, Sumusako atea izeneko proiektuan garai batean herrira sarbidea ematen zuen ate hori berritzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun