Asteleheneko argi mozketak salatu ditu berriz ere EAk

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 25a, 16:30

Iberbanda zerbitzuaren akatsak ere gaitzetsi ditu

Etxalarko Eusko Alkartasunak astelehen goizean herrian izandako argi-mozketak direla eta eta berriz ere Iberdrolak inguru honetan eskaintzen duen zerbitzu eskaxa salatu du eta XXI. menderako ez dela egokia azpimarratu du. EAk gogoratu du azken hamar urteetan hainbat salaketa publiko, protesta formal eta parlamentuko ekimen egin dituela afera honen inguruan: “Aski da ekaitz arrunt bat edo eguraldiaren edozein aldaketa argindar mozketa izateko”. Egoerak batez ere Bortzirietan errepikatzen da eta horrek eragozpen ugari sortzen die herritarrei, etxebizitzei eta enpresei, azpigaratutako herrialdetan gertatu ohi diren arazoak baitituzte. “Berriz ere zerbitzuaren guttieneko kalitate maila betetzea eskatzen diogu Iberdrolari, behin betikoz arazoa molda dezala edo Energia Batzorde Nazionalari (CNE) salatzeko mehatxua beteko dugu”.

Iberbandak ere akatsak

Modu berean, Iberbanda sistemak izan dituen akatsak ere salatu ditu EAk, azken egunetan Interneterako sarbiderik gabe utzi baititu etxalartarrak zenbait aldiz. EAk dioenez, “Nafarroako mendialdeko modernizaziorako eta aurrepenerako oinarrizkoak diren arazo hauei soluziorik ematen ez bazaie eta administrazio publikoak teknologia berriak hirietan bezalako kalitatearekin ezartzeko apostu serioa egiten ez badu, ez da harritzekoa gure herriek bizia galtzea, gero eta gehiago baitira hirietara lan egitera eta bizitzera doazen gazteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun