Produkzioaren beherakadak %13 hazi du langabezia gure inguruan

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

Krisi ekonomikoak lanik gabe utzi ditu lantegiak eta horren ondorioz, langileak kanporatzeari ekin diote enpresek. TTIPI TTAPA

Doneztebeko enplegu bulegoaN 670 zeuden lan eske urrian

AEBek errausin egiten duenean mundu osoa gaixotzen dela dio erranera zahar batek. Bada, ekonomiaren azken joerei erreparatuz, hala dirudi. AEBetan 2007an hasitako finantza krisia mundu osora hedatu da, eta ekonomiako bertze alorretara ere zabaldu da dagoeneko. Hedabideetan ez dugu bertzerik: krisia goian eta krisia behean. Eta horrek ondorioak utzi ditu: lana eta produkzioak beheiti, salmentak jaitsi, lantegiak itxi, greba mugagabeak, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak (ERE), langileak kanpora, langabeziak goiti... Krisi ekonomikoa omen dago guztiaren gibelean. Urrutiko arazoa bailitzan ikusten genuen, baina ez, ailegatu da gurera ere. Egoera ez da xamurra eta adituen arabera, oraindik okerrena etortzear dago. Gaia hurbilagotik ikusteko, eskualdeko ekonomiaren motore indartsuenak diren lantegien egoera aztertu dugu tarte honetan. Gehienak kolokan daude, eta batzuk krisi ekonomiko sonatu honen aitzinetik ere hala honela zebiltzan arren, oraingo krisiak guztiei eragin die, lehendik gaizki eta ongi zebiltzanei. Eskualdeko lantegi haundienetaz aritu zaizkigu LAB, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariak.

Langabeziak %13 egin zuen goiti irailetik urrira Doneztebeko Enplegu Bulegoan. Horren gibelean, bertzeak bertze, eskualdeko lantegi aunitzek langile ebentualak kalera bota izana dago. Horrez gain, Enplegua Erregulatzeko Espedientea ere aurkeztu dute lantegi batek baino gehiagok denboraldi jakinerako. Batzuei zuzenean eragin die krisi ekonomikoak; bertzeak, berriz, lehendik ere kili-kolo zebiltzan eta oraingo krisi hau gehigarri bat baino ez da.

Condesa (Zalain Zoko, Lesaka)

Bortzgarren erreleboa kendu nahi du enpresak
2007an Arabako Tubos Reunidos eta Condesa enpresak bat egin zuten, eta ia 25 milioi euroko irabaziak izan dituzte. Halere, aurten, uda aitzinetik Enplegua Erregulatzeko Espedientea atera zuen mahai gainera Zalain Zokoko zuzendaritzak. «Basakeria bat izan zen. Hainbertzeko irabaziak izan eta gero EREa aurkeztea», dio LAB sindikatuko Julen Mitxeltorenak. Irailean, ordea, alde batera utzi zuen EREa. Eta bertze proposamen bat du orain eskuartean zuzendaritzak: bortzgarren erreleboa kentzearena. Tutu kalibratua eta berezia egiten den sekzioetan bortzgarren erreleboa kendu nahi du eta horrek 18 langileren murrizketa ekarriko luke.
Enplegua Erregulatzeko Espedientea alde batera utzita, orain langile multzo baten lan erregimena da eztabaidatzen ari direna. Halere, EREa buruan dutela daude sindikatuak. UGTko Patxi Altxuren hitzetan, «Nahiz eta oraingoz espedientea erretiratu, luze gabe bertze zerbaiten berri izanen dugu». LAB-ek arriskua «beti» egonen dela uste du: «gure aldetik borrokatzen segituko dugu Zalainek gehiago sufri ez dezan».

Arcelor-Mittal (Lesaka - Legasa)

Produkzioa %33ra jaitsiko dela aurreikusi dute
Arcelor-Mittalen, Condesan aspaldi egin zuten bezala, ebentual guztiak kaleratu zituzten uda aitzinetik, eskaerak %35era jaitsi baitira. LABeko Koldo Saenzek azaldu digunez, «baliteke %25era ere jaistea». Makinak geldirik daude, eta makinak geldirik egonean, jendea soberan dago. «Langile finkoak ere lanik gabe gaude, eta horrek edozer gauza ekar lezake», dio UGTk. Dena den, Arcellorrek eskuartean duen egitasmo nagusia Bidasoa Plana da eta horrekin itxaropentsu daude sindikatuak, inbertsio berriak ekartzen ahal dituelako. 35 milioi euroko inbertsioa izanen duen plan industrial horren arabera, 2011rako Legasako Arcelor lantegia itxi eginen da eta produkzioa Lesakara eramanen da. Lesakan, lerro konbinatua deritzona paratuko dute: pintatu edota galbanizatzen duen makineria. Saneatzeko lerroa eta aplakadora mistoa ere paratuko dira. Teknologia berri horiekin langileak soberan geldituko dira: 59 urterekin emanen diote erretiroa langileei eta gainerakoak «%79 inguru kobratuko dute», dio Patxik. Inbertsioak 100 langileri eraginen die. «Gaur egun, Lesakan eta Legasan 830 langile inguru gaude eta Bidasoa Planarekin 650 bat geldituko gara», azaldu digu UGTk. Baina gaineratu digunez, «murrizketa justifikatua eta bermatua da».
Bai Arcelorren, bai Condesan, erabakiak kanpoan hartzen direla kritikatu du ELAko Jose Mari Arribillagak: «kanpoko erabakien menpe bizi dira, Madril edo Bruselan erabakitzen dute eta hemen gertatzen dena ez zaie axola, ez dute ikusten langileria nola gelditzen den».

Funvera (Bera)

58 egunez langileak etxera bidali ditu enpresak
Krisia ailegatu arte, produkzioan bete-betean asmatu duen lantegietako bat da Funvera. Baina krisiarekin erabat aldatu zaio panorama. Enplegua Erregulatzeko Espedientea azaroaren 18an aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan eta horren ondorioz, 58 egunez langile gehienak paroa kobratzera kalera joan beharko dute. «Enpresak dio zer nolako etorkizuna izanen duen pentsatzeko zazpi-zortzi hilabete behar dituela, eta sindikatuok proba denbora guttiagorekin egiteko eskatzen dugu», azaldu digu ELAk. LABeko Saenzek, ordea, EREa onartu izana lantegian gehiengoa duen ELAri leporatu dio: «ELA sindikatua akordio batera iritsi da baldintza konkretu batzuen truke. LABek ez du sinatu, bertzelako irtenbideak badaudela uste dugulako». Gisa berean, azken bi urteotako irabaziak ekarri ditu gogora LABek: «azken bi urteotan sei milioi euroko irabaziak izan ditu. 2008ko lehen sei hilabeteetan ere hagitz ongi egin zuen lana, eta orain bat-batean ERE martxan jarri behar dutela erran dute, Alemaniako bezero batek huts egin duelako. Enpresaren kudeaketa txarra ez dute langileek ordaindu behar». 58 egun horien ondotik gertatuko denaren beldur da LAB. «Orain lan-kontratuen etenaldiarekin aurkeztu dute EREa, baina gerta liteke, epea bukatuta kontratua behin betiko etetea».
ELA, bere aldetik, EREen inguruan mintzatu zaigu eta momentuko erabakia presaka hartzea leporatu die enpresei: «Urte aunitzetan zakua ederki bete dute enpresek eta zerbait banatzen ahal dute. Berehala erregulazioa? Guttienez itxaron!». LABek, berriz, EREa aurkeztu orduko enpresaren kontra egin behar dela nabarmendu du, langileentzat «kaltegarria» delako.

Savera (Bera)
Langile ebentualak soberan gelditu dira

Eraikuntzaren krisiak Savera jo du. Estatu espainiarrean eraikuntzaren sektoreak beherakada izan du, eta Savera lantegiaren produkzioak ere beheiti egin du. Langile ebentualak soberan gelditu dira, baina ELAk adierazi digunez, «EREen konturik ez dago oraingoz».

Manufacturas Alco (Bera)
Abenduaren 10era arte enplegu-etenarekin

Gorabeherak lehendik somatu ziren Manufacturas Alco lantegian. Irailaren 3an zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztu zuen. Urriaren 6an, berriz, negoziazioen ondotik, neurri hauek erabaki ziren: batetik, langileen soldatak %25 jautsi dira; bigarrenik, zazpi langilek aurre-erretiroa hartu zuten; azkenik, 38-40 langilek aldi baterako enplegu-etena izatea adostu zen. Hala, langile horiek abenduaren 10era arte enplegu-etenarekin segituko dute. Lanik gabe daudenean, lanean baleude bezala kobratuko dute, horretarako gehigarria enpresak ordainduko baitie.

Sarripapel-Torraspapel (Leitza)
Enpresako bertze lantegiak itxita, baina Leitzakoa salbu

Sarriopapel edo Torraspapel lantegiaren talde bereko bi lantegi itxi egin dituzte –Zornotza (Bizkaia) eta Algecirasekoa (Espainia)–, baina antza, Leitzakoa libre gelditu da. Papergintzaren krisiak eta egungo egoera ekonomikoak eragin omen dituzte itxierak, baina Leitzan orain arte adina ekoizten segituko dutela adierazi du lantegia Kataluniatik kudeatzen duen CVC kapital taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun