Azaroaren 25ean, astearte honetan, Emakumeen Kontrako Indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta bandoa karrikaratu du Arantzako Udalak. Bertan, tratu txarrak hartzen dituzten emakumeei laguntza adierazi nahi die modu irmoan eta haien aurka egiten den indarkeria gogor gaitzetsi nahi du.
Ekitaldietan parte hartzeko deia egin du Arantzako Udalak
Arantzako udalaren bandoaren arabera, emakumeen aurkako genero indarkeria hainbat modutara azaltzen da, batzuk esplizituak eta agerikoak dira eta, bertze batzuk, berriz, sotilagoak eta ikusiezinak, baina era berean kaltegarriak. Arantzako Udalak erreibindikatzeko edo gaitzesteko antolatzen diren jardueretan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, emakumeenganako bortizkeria denon arazoa delako eta hori jasaten duten emakumeei laguntzea gure konpromisoa delako.
Gizarte osoari elkartasunerako deia egin dio Berako Uxua Emakume Taldeak
Genero-indarkeriaren kontrako nazioarteko egun honen harira, Berako Uxua emakume taldeak ere gizarte osoari elkartasunerako deia egiten dio, egun honetan eta gainerako guzietan, gaiarekiko sentsibilizazioa eskatzen du eta gure esku dagoen guztia egin dezagula. Izan ere, Uxua Emakume taldearen ustez, “seguru gure hurbilean, uste duguna baino gehiago, sufritzen ari den emakume bat badagoela eta horrelako egoera bat sumatzen badugu, ezin dugu bertze aldera begiratu, eta guztiok eskaini behar dugu gure babesa, gertatzen dena aditu, lagundu, indarrak eman edo salatu”.