Arkupeak elkarteak bere kideak eta Zirarda artzapezpikua omendu zituen

Goizalde URDANPILLETA 2008ko azaroaren 24a

Arkupeak elkarteak omendutakoek oroigarriak, txapelak eta makilak jaso zituzten. TTIPI TTAPA

820 lagun bildu ziren bazkarian

Arkupeak Erretiratu eta Jubilatuen Elkarteak egun berezia antolatu zuen larunbatean, azaroaren 22an, Donezteben. Honela, herrietatik autobusak ailegatzen ziren neurrian, erretiratuak San Pedro elizara hurbilltzen joan ziren, aurten hildako bazkideen omenez eman behar zen meza aditzera. Doneztebeko apezak Jesus Goldarazek eman zuen meza eta Basilio Sarobe, Ramon Apezetxea eta Monseñor Francisco Perez Iruñeko Artzapezpikuaren laguntza ere izan zuen.
Bittor Elizagoien bertsolariak ere parte hartu zuten elizkizunean, elkarteari buruzko zenbait bertsorekin.

Jose Maria Zirarda artzapezpikuari hil ondoko omenaldia

Iruñea eta Tuterako artzapezpiku izandako eta irailean hildako Jose Maria Zirardari ere hil ondoko omenaldia eskaini zitzaion elizkizunean. Eusebio Maritorena, Felipe Ganboa, Josetxo Oronoz, Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek, hildako artzapezpikuari eskainitako zapela, oroigarria eta makila eman zizkioten gaur egungo artzapezpikuari. Francisco Perezek berak ere jaso zuen txapela.
Arkupeak elkarteak aurten egindakoa aztertuz eta heldu den urterako prestatu dituen bidaiak, txangoak, bestak eta bertze ekitaldiak azalduz solasaldia eskaini zuen.

Elkarteko kideei omenaldia

Mezatik ateratakoan, kiroldegi aldera jo zuten bazkideek, bertan egin behar baitzen bazkaria. Aitzinetik, elkarteko hainbat kidek omenaldia jaso zuten: Milagros Apezetxea goizuetarrak, Salvador Arotzena doneztebarrak, Mª Dolores Oronoz elizondarrak, Mª Angeles Altzugarai narbartearrak, Micaela Etxeberria iturendarrak eta Mª Jesus Zabala doneztebarrak. Guziek oroigarria, txapela eta makila jaso zuten. Omenaldi ekitaldi honetan izan ziren Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Iruñeko Artzapezpikua, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea, Begoña Sanzberro Landa Garapen kontseilaria eta bertze zenbait agintari.

820 lagun bazkarian

Aipatu bezala, kiroldegian bazkaltzen hasi aitzinetik egin ziren omenaldiak eta gero, bazkaria, Kadereitako Marisol jatetxearen eskutik, honako menuarekin: arrain zopa, fritoak, otarrainxkak, limoi sorbetea, entsalada zentroak, umerria panadera patatekin, txanpaina, tarta eta izozkia, eta edateko ardoak, ura, kafea eta kopa. 820 lagun bildu ziren bazkaltzera.
Bazkal ondoan, dantzaldia izan zen Jalisko Band taldearekin eta behin ilunditakoan berriz ere etxeruntz abiatu ziren autobusak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun