Erosterakoan lanpara arruntak baino garestiagoak izan arren, epe luzera errentagarriak dira. Kontsumo baxuko lanparez ari gara, gero eta gehiago erabiltzen dira, gainera. Inkesten arabera, elektrizitatearen etxeko fakturaren ia %25a argiztapenari dagokio, eta gutti gorabehera bi hilabetetan 70 euro ordaintzen ditu kontsumitzaileak. Energiak eragindako gastuak sakelan gero eta zulo handiagoa egiten duen honetan, aunitzen aterabidea kontsumo baxuko lanparak izaten ari dira. Egindako ikerketa batzuek lanpara arruntak eta kontsumo baxukoak erabiltzearen artean, urtean 55 euro aurrez daitezketela frogatu dute; bertze batzuek, berriz, gehiago aurrezten ahal dela diote: 60 euro urtean.
Lanpara arruntak merkeagoak dira; bien artean 10 euro inguruko aldea dago prezioan. Adibidez, 100 watteko lanpara tradizional batek euro bat balio du gutti gorabehera; eta antzekoa den kontsumo baxuko 20 watteko batek 10 euro. Baina badirudi, prezioan dagoen alde hori errentagarria dela epe luzera begira. Kontsumo baxuko lanpara batek piztuta 10.000 ordu iraunen ditu; normalak, berriz, 1.200-1.500 orduren buruan ez du funtzionatzen. Beraz, kontsumo baxuko bat funtzionamenduan dagoen tarte berean, sei lanpara normal erosi behar dira.
Bertze datu adierazgarri bat ere badago. Goritasun-lanpara edo lanpara tradizionalek saretik hartzen duten energiaren %5a erabiltzen dute argia egiteko, eta gainerako %95a ez dute erabiltzen. Kontsumo baxuko lanparek, berriz, kontsumitzen duen elektrizitatearen %80a erabiltzen du argia egiteko.