Epe ertainera begira, merkeago ateratzen da pellet-berogailua gasolio-berogailua baino

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Hainbat energia berriztagarri mota daude, batzuk bertzeak baino ezagunagoak: haizearen bidez sortutako energia (haize-energia), eguzkiaren bidez sortutakoa (eguzki energia), uraren bidez sortutakoa (energia hidraulikoa), materia organikoaren bidez sortutako energia (biomasa), lurraren bidez sortutakoa (energia geotermikoa) eta itsasoak sortutakoa (marea mugimenduen energia). Aukera zabala da, ageri denez.

Energia berriztagarri ezezagun horietako bat egurrezko pelleta da. Azken urte hauetan ezagunago bihurtu da, hain zuzen ere, Euskal Herriko zenbait enpresa erregai hau ekoizten hasi direlako. Egurrezko pelleta, erregai ekologikoa edo biomasazkoa da, egurraren zerrautsa erabiliz sortzen baita.

Pelletak atmosferara isurtzen duen CO2 emisioa neutroa da, hau da, isuritako CO2 kopurua landareek xurgatzen ahal duten CO2 kopuruaren berdina da.

Etxebizitzetan ez ezik industrian ere erabiltzen da pelleta
• Etxean: berogailu eta galdaretarako (ura beroa sortzeko).
• Granja eta industrietan: berogailuetarako, industrietan girotze sistemarako edota likidoak berotzeko edo tenperatura altuetara iristeko beroa behar duten prozesu industrialetarako.

Pelleta erosteko aukera desberdinak

• 15 kiloko poltsak: etxerako arras erabilgarriak.
• Zaku handitan: 700 kiloko zakuak (bai etxerako, bai industrietarako ere)
• Soltean (granel): kamioi zisternetan banatzen da. Gomendagarria da horrela erostea urbanizazio, familia bakarreko etxeetarako eta industriarako.

Gainera, pelletaren erabilerak ia ez du kerik sortzen, ez du usainik ezta isuri kontaminatzailerik eta ez da toxikoa. Sortzen duen errauts kopurua %0,5ekoa da, beraz, 1.000 kilo pelletek 5 kilo errauts sortzen du.

Pelletaren erabilera indartzeko, administrazioak dirulaguntza ematen du

Erregai tradizionalekin konparatuz, pelleta interesgarriagoa da, prezio baxuagoa duelako eta motelago kontsumitzen delako. Gainera, energia berriztagarria denez, administrazioak diruz laguntzen du, hala, jende gehiago animatuko delakoan sistemaz aldatzera.

Gasolioa baino merkeago da pelleta

Hasiera batean, pellet galdara baten instalazioa bertze eratako galdarena baino garestiagoa ateratzen da. Hala ere, administrazioak ematen dituen dirulaguntza, interes baxuko mailegu eta pelletak duen koste apalari esker, epe ertainera begira, pellet-berogailuak gasolio-berogailuak baino merkeago suertatzen dira.

200 m2ko etxebizitza-----172.000 Kcal/eguneko
Pelletaren berokuntza indarra-----4.500 Kcal/Kg
Gasolioaren berokuntza indarra-----8.500 Kcal/l
Pelletaren prezioa-----0,25 €/Kg
Gasolioaren prezioa-----0,98 €/l (Repsol 2008ko iraila)

Pelletaren urteko gastua-----1.156 €
Gasolioaren urteko gastua-----2.379 €
Pellet instalazioaren kostua ( galdara erdi-automatikoa)-----10.500 €
Dirulaguntza (Administrazio autonomikoa)-----4.200 €
Gasolio instalazioaren kostua-----4.000 €
Pellet instalazioaren kostua + 2 urteko kontsumoa-----8.612 €
Gasolio instalazioaren kostua + 2 urteko kontsumoa-----8.758 €

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun