Sukalde moderno, erabilgarri eta praktikoa nahi du jendeak

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Garai batean baino moble gehiago erabiltzen dira orain sukaldean, eta joerak ere aldatu egin dira urteen joanean. Kolore iluneko elementuak sartu dira, nahiz eta entzimera edo gaineko sukaldeetan kolore biziak erabiltzen diren. Lau ezaugarri nagusi kontuan hartuz aukeratzen dituzte oraingo bezeroek sukaldeak: modernoa, erabilgarria, praktikoa eta erabiltzeko erraza.

Bere garaian, itxura tradizionala emanez egurrezko altzariak jaun eta jabe egon ziren. Orain ere erabiltzen dira, baina ez lehengo neurrian. Gaur egungoak modernoagoak dira, garbitzeko errazagoak. Aipatu bezala, kolore iluna da orain merkatuan gehien saltzen dena, eta guztien artean, beltza eta gorri-more kolorea. Entzimera edo gaineko sukaldeetarako, berriz, kolore biziak aukeratzen dira. Gisa berean, ke-kanpaiek apaingarri gisara duten funtzioa nabarmentzekoa da.

Sukaldea dekoratzeko elementurik onenak sukaldeko tresnak dira: platerak, katiluak… Platerak, erraterako, forma, diseinu eta neurri ugarikoak ikus ditzakegu. Paretean platerak zintzilik paratzeak paretei kolorea ematen die, eta bitrinan erakusgai paratzeak ordenatuaren sentsazioa ematen du.

Horrez gain, gortinak edo estoreak sukaldeko ixkinaren batean zintzilik dauden oihal eta mantalekin konbinatzea ere garrantzitsua dela diote dekorazioan adituek. Kolore egokiak aukeratzen baldin baditugu, giro beroa sortuko dugu, konbinazioaren arabera. Armairu barrenean ez badaude, pasta eta arroza gordetzeko ontziak ere kontuan hartu behar dira, eta erlojua ere bai, noski.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun