Hautatzen dugun koloreak harmonian egon behar du gela bakoitzean dagoen solairu eta mobleekin

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Etxeko gela bakoitzak bere funtzio zehatza du. Hori jakinda aukeratzen da gela desberdinen dekorazioa eta horietan jarriko diren mobleen estiloa.
Baina gela bakoitzean lortu nahi den giro edo xarma, bereziki paretetan erabilitako koloreen bidez lortuko da, beti ere, gelako solairu eta altzariekin harmonia baldin badu. Aipatutako xarma berezi hori lortzeko, kontuan hartu behar da kolore bakoitzaren ezaugarriak eta hauek iradokitzen dituzten sentsazioak.

Koloreak eta espazioa

Kolore ilunek espazio txikiagoaren sentsazioa sortzen dute. Kolore argiek, aldiz, gelei argitasuna ematen diete, eta ondorioz, espazio txikiek haundiagoak dirute eta sabaiek altuagoak.

Koloreak eta argia

Paretak pintatzerakoan ongi begiratu behar da etxeko gela bakoitzak duen argiztapena, hau da, kanpotik zenbat argi sartzen den eta argi artifizialaren iturriak non dauden. Horren arabera erabakiko da kolore argiak edo ilunak erabiltzea. Tonu argiek geletako argia islatzen dute eta kolore ilunek argia xurgatu.

Koloreak eta sentsazioak

Sentsazioei dagokionez, kolore beroak estimulagarriak dira eta hurbiltasun sentsazioa sortzen dute. Kolore beroen artean melokotoi koloreak, laranjak, kolore uherrak eta gorriak daude. Maiz erabiliak dira sukalde eta egongeletan.

Kolore hotzak lasaigarriak dira eta urruntasun sentsazioa ematen dute. Kolore hotzen artean urdinak, berdeak, purpurak eta grisak daude. Gisa honetako koloreak bainugeletan erabiltzen dira maiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun