Kredituak lortzea gero eta zailago

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Banketxe batek kreditua emateko eskatzen dituen baldintzak ez dira aldatu azken urteotan. Baina egoera ekonomikoa aldatu egin da, krisi ekonomikoak bete-betean eragin duelako. Diru guttiago dago, beraz, banketxeek emateko guttiago dute edo beldurrez daude emateko, eta dagoena garestiago ematen da.

Maileguak eskuratzea ez da orain dela urte batzuk bezain erraza. Bolo-bolo dabilen krisi ekonomikoaren ondorioz kredituak emateko politika, ordea, ez da lehengoaren berdina. Banketxeek ez dituzte lehen bezain erraz ematen kredituak, eta ematen badituzte aplikatzen duten interesa hagitz altua da. Edonola ere, hauek dira banketxeek kredituak ematerakoan kontuan hartzen dituzten baldintzak:

Lanaren egonkortasuna

Kredituaren eskatzaileak egonkortasun batekin ari dela lanean frogatu behar du, eta azken bi urteotan lan arloan ez duela geldialdirik izan adierazi behar du. Banketxeak hori guztia aztertzen du, eta eskatzailearen enpresak duen iraunkortasuna ere ikuskatzen du.

Aurrezteko gaitasuna

Mailegu bat eskatzeko orduan, eskatzaileak duen aurrezteko gaitasuna ere aintzat hartzen dute banketxeek. Pertsona bakoitzaren egoera luparekin aztertzen dute.

Kaudimena edo zorrak ordaintzeko ahalmena

Banketxeek mailegu-eskaitzailea xahutzaile bat dela susmatuz gero, bi aldiz pentsatu gabe emanen diote ezezkoa. Horretarako, eskatzaileak izan dezakeen zorpetze maila ikertuko dute, eta bertze entitateetan ere eskatu ote duen mailegurik konprobatuko dute. Zenbait entitatek eskatzailearen azken hiru nominak eta azken urteotako PFEZa (Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga) eskatzen dituzte.

Bezeroarengan dagoen konfiantza

Bezeroak lehenengo momentutik ematen duen sentsazioa ere ezinbertzeko gakoa izaten da mailegua lortzeko. Bezeroa zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta errazagoa da dirua itzultzeko gai den ala ez jakitea.
Zorpetze maila
Bezeroaren zorpetze mailak ez du altua izan behar, bertzela, ez du eskatzen duena jasoko; eskatutako koefizienteak ezin du izan irabazi totalaren %40a baino altuagoa, hau da, zorpetze maila ezin da bere irabazien %40aren gainetik egon.

Maileguaren helburua
Mailegua zertarako erabiliko den ere eztabaidatu egiten da, aunitz beharrezkoak ez direla kontsideratzen baitira. Berriki arte, lehen jaunartzea egiteko edo oporretara joateko eskatzen ziren kredituak. Antza, joera hori ez da hainbertzerakoa orain.

Egoera, beraz, aldatu egin da, eta krisi ekonomikoa dago guztiaren gibelean. Banketxeak, orain, ez du etxebizitzak balio duenaren %80a baino gehiago subentzionatzen, eta bezeroak nola edo hala egin behar dio aitzin gainerako %20ari.

Erosketarekin batera datozen bertze gastu horiek…
Etxebizitza ordaintzeko aukeratzen dugun moduaz haratago, etxebizitza bat erosterakoan kontuan hartu behar diren gastu andana dago, hala nola, notariotza, jabetza-erregistroa eta zergak.

Orain dela ia urtebete arte, banketxeak etxebitzak zuen balioaren %110a finantzatzera ere ailegatzen ziren, normalean %80an ibili arren. Gaur egun, kasu batzuetan baino ez dute onartzen mailegua, eta egiten badute %60an gelditzen dira. Aunitz izanen dira euren lehen etxebizitza erostekotan edo egitekotan daudenak. Eta krisi ekonomiko sonatu honen aitzinean, baliteke batzuek beldurra ere edukitzea, etxebizitza nola finantzatuko duten jakin gabe. Egoera ez da xamurra.

Egia da etxebizitzen prezioek nabarmen egin dutela beheiti. Abuztuko datuei erreparatuz, adibidez, joan den urtean sasoi berean etxebizitzek balio zutena baino %4,6 guttiago balio zuten aurtengo abuztuan. Prezioak gehiago jautsi arren, etxebizitzak sortzen duen gastua altua da. 2010. urtean hasiko omen da krisia desegiten. Hala uste dute adituek. Dena den, kontuan hartzeko datua da, gaur egun mailegu-hipoteka duten herritarrek euren irabazi gordinen %49a kreditu hori ordaintzera bideratzen dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun