Estilo japoniarra leihoetan

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Orain dela urte batzuk estilo minimalista deiturikoa hedatzen hasi zen gurean, Japoniako estiloan oinarrituz batez ere. Espazio edo egongela txikietarako arras egokiak dira, haunditasun sentsazioa eman eta etxeko espazioak elkarrengandik banatzeko ere aproposak dira. Kolore garbiak, forma geometriko sinpleak, oihal naturalak eta dekorazio sinplea daude joera honen oinarrian.
Ekialdeko dekorazioa etxeko edozein txokotan erabil daiteke, baita gortinetan ere. Kasu honetan, gortina edo estore japoniarrei dagokionez, oihal errektangular eta lerrokatuak bertikalki paratuak, bata bertzearen gainean jarriak, eta lurrerainokoez ari gara.
Gortinak, denak alde batera edo erdia ezkerrera eta bertze erdia eskuinera bil daitezke. Halakoetan, oihal zurrunak aukeratzea komeni da. Alabaina, bertzelako telak ere erabil daitezke, sare-errezel edo bisilloak, adibidez.
Horrelako gortinek ongi ematen dute lehiate haundi eta begiratokietan. Gainera, koloreak nahas daitezke, estanpatuak edo leunak. Estore estanpatuak aukeratzerakoan arreta berezia jarri behar da aukeratutako marrazkian. Estorea biltzerakoan marrazkia moztuta gera daiteke, eta horrek, dekorazio minimalistarekin lortzen den lasaitasun sentsazioa apurtu dezake. Bidenabar, kanpoko argia iragazteko edota egongelari ñabardura berezia emateko arras eraginkorrak dira.
Desmuntatzea erraza denez garbitzeko ere ez dute batere konplikaziorik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun