Garai batean etxerako elementu hagitz erabilgarria izaten zen ardiaren ilea (lastairak (koltxoiak) betetzeko, trikotak egiteko…). Saldu ere egiten zen, sos batzuren truke. Aspaldixkotik, ordea, gehiena zaborretara joan ohi da. Hondakina da. Dena den, badira artilea eskulanetarako erabiltzen dutenak, eta berriki, badaude funtzio berri bat bilatu diotenak ere etxerako isolatzaile termiko eta akustiko modura.
Izan ere, osagai naturalak gero eta gehiago erabiltzen dira isolatzaile funtzioetarako eta horien artean dago artilea ere. Isolatzaile termiko eta akustiko ona baita, adituen iritziz.
Baporea xurgatu eta kanporatzeko ahalmen haundia du artileak, eta horrek etxeak fresko mantentzen ditu udan eta goxo neguan. Udan, etxeko tenperatura igotzen denean, eta berotzen hasten denean, artileak lehendik xurgatua duen hezetasuna bota egiten du, eta horrek, eraikina edo gela freskotu egiten du. Bertze zenbait isolatzailerekin konparatuz, tenperatura 7 gradutan jaitsiaraz dezake.
Neguan, aldiz, giroan dagoen hezetasuna xurgatzen du eta horrek berotasuna sortzen du. Tenperaturak 4 gradutan egin dezake goiti artilearen efektu honen ondorioz.
Isolatzaile ‘higroskopikoa’ delako du gaitasun hori artileak, hau da, ezaugarri termikoak galdu gabe, uraren baporea xurgatu edo bota dezakeelako. Artileak berotasuna sortzen du hezetasuna xurgatzean, eta airean lurrun gehiegi dagoenean, artileak hezetasunaren %40 ere irensten du. Alde horretatik, gastu ttikiagoa sortzen du berokuntzan eta aire girotuan.
Adituek diotenez, hagitz erabilgarria da etxe barreneko paretetarako, zoletan jartzeko edo terraza eta azoteatan… gehiegizko hezetasunaren pilaketa saihesten duelako. Bertzalde, hezetasuna erregulatzeaz gain, etxe barreneko agente toxikoak ere erregulatzen ditu artileak.