Paper pintatuak itzuli dira! 1960. eta 1980. hamarkadan hagitz ohikoa zen paretak dekoratzeko paper pintatuak erabiltzea. Gero, ordea, modak baztertu egin zituen, eta urteetan ez ditugu ia ikusi ere egin. Paretak pinturarekin margotzea jarri zen modan orduan. Baina orain, badirudi berriz ere indartsu datozela paperak.
Oinarrian, bi paper mota daude: gofratua edo binilizatua eta binilikoa.
Paper gofratu edo binilizatua
Berniz kapa bakarra du eta hezetasun handia duten geleterako aproposa da. Garbitzeko nahikoa da esponja bat arin-arin pasatzea.
Paper binilikoa
Binilo kapa bat du eta horren ondorioz, iragazgaitza eta garbigarria da. Aunitz erabiltzen diren geletarako gomendagarriak dira: jantokia, haurren logela, sukaldea, bainugela, pasabidea… Halako paperak mantentzea ez da zaila, urarekin eta xaboiarekin garbitu eta trapu batekin lehortuz garbi daiteke.
Gainerakoan, aukera anitza da: egitura geometrikoetatik hasi eta marrazki tradizionaletara, gisa guztietako paperak aurki daitezke merkatuan. Dena den, papera jartzerakoan, kontuan izan, paretak leunak baldin badira ez dutela tratamenturik behar; aldiz, latzak baldin badira leuntzea komeni dela. Kolorea hautatzerakoan gelaren neurria kontuan hartu behar da. Izan ere, kolore ilunek gela ttikiagoaren sentsazioa ematen dute eta ez dira aproposak gela ttikietarako. Halakoetan, hobe pareta batean bakarrik jartzea, eta gainerakoak, zurian edo tonu argi batekin uztea.
Gastu haundiegirik egin gabe, eta moble guztiak mugitu gabe, dekorazioa aldatzeko aukera ematen du paperak. Hala, etxeari aire berri bat eman nahi badiogu, margotutako paperak erabili baino ez dugu egin beharko. Aldaketa aski ikusgarria izan daiteke.