Markak guztiak hautsi eta gailurra jo ondotik beheranzko bidea hartu du

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Gora eta gora ari zen, marka guztiak hautsiz, baina azkenean, beheranzko joera hartu du Euriborrak, Europa osoan hipoteka gehienak kalkulatzeko erabiltzen den indizeak. Azken urteotan beheiti egin gabe goratzen ari zen, eta 2008aren hasiera bereziki adierazgarria izan zen gailurra jo zuelako. Urriaren 9an jo zuen goia Euriborrak, %5,512ra ailegatuz. Baina krisi ekonomikoaren eraginez, Europako Banku Zentralak interes tasak jautsi dituenez geroztik, beheiti dator. Adibide bat emate aldera, demagun Euriborraren batez bertzekoa %4,219koa dela –azaroaren 19an horixe zen euriborraren indizea–, eta 25 urtetan 240.000 euroko hipoteka ordaindu behar dugula. Gisa horretara, 1.296,01 euro ordaindu beharko genituzke hilabetean. Aldiz, urteetan gibelera eginez, 2003ko azaroan, indizea %2,410ean zegoen. Hartara, 240.000 euroko hipoteka 25 urtetan ordaindu behar izanez gero, 1.065,83 euro ordaindu beharko genuke hilabetean, beraz, duela bortz urte baino 230,18 euro gehiago hilabetean, eta 2.762,16 euro gehiago urtean.

Europako Banku Zentralak interes tasak jautsi eta urriaren erdi aldera hasi zen jausten Euriborra. Martxoaz geroztik ezagutzen ez zen mailara jautsi zen orduan indizea. Azaro hasieran berriz jautsi zituen interes tipoak Europako Banku Zentralak, %3,25era. Horrekin diruaren balioa 2006ko urriaz geroztik egon ez zen mailara jautsi zen. Halere, adituen arabera, gehiago jautsi beharko luke maileguetan eragina izan dezan. Itxura guztien arabera, hipotekak kalkulatzeko erabiltzen den indizeak jausten segituko du
Jautsierak jautsiera, hipotekak berritzea noiz tokatzen den ere kontuan hartu behar da. Izan ere, mailegua urtean behin berrikustea izan ohi da ohikoena, eta beraz, heldu den urteko lehen hiru hilabeteetan eguneratzen dutenak izanen omen dira sakelean onura somatuko duten lehendabizikoak. Horrela diote adituek.

Mailegua berrikusten denean, normalean aitzineko bi hilabeteetako Euriborraren balioa hartzen da erreferentziatzat. Hartara, hipoteka urrian eguneratu behar bada, abuztuko indizea kontuan hartzea izaten da ohikoena. Abuztuan %5,323koa izan zen Euriborraren batez bertzekoa. Aldiz, mailegua abenduan berrikustekotan, urriko Euriborraren balioa hartuko litzateke kontuan, %5,258, alegia. Eta urtarrilean eguneratu behar dutenek, azaroko indizea (%4,219 ingurukoa) hartuko lukete erreferentziatzat. Edonola ere, berrikusketa egiteko irizpidea banketxe bakoitzaren araberakoa da.

Adituen iritziz, hipotekak kalkulatzeko erabiltzen den indizeak jausten segituko du, eta Europako Banku Zentraleko lehendakaria den Jean Claude Trichetek urtea bukatu baino lehen diruaren balioa ere jautsiko dela iragarria du. Ikusi beharko da zein neurritan egiten duen hobera mailegua duten herritarren sakelak.

Azken lau urteotako gorabeherak

2008ko azaroaren 19an----%4,219
2008ko urria ---- %5,258
2008ko iraila----%5,384
2008ko abuztua---- %5,323
2008ko uztaila---- %5,393
2008ko ekaina---- %5,361
2008ko maiatza---- %4,994
2008ko apirila---- %4,820
2008ko martxoa---- %4,590
2008ko otsaila---- %4,349
2008ko urtarrila %4,498


2004.urtea

2004ko abendua---- %2,301
2004ko azaroa---- %2,328
2004ko urria---- %2,316
2004ko iraila---- %2,377
2004ko abuztua---- %2,302
2004ko uztaila---- %2,361
2004ko ekaina---- %2,404
2004ko maiatza---- %2,297
2004ko apirila---- %2,163
2004ko martxoa---- %2,055
2004ko otsaila---- %2,163
2004ko urtarrila---- %2,216

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun