Aulkiaren egokitasunak zerikusi zuzena du bizkar eta lepoko oinazeak izatearekin

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

Lantokia izan ohi da eguneko ordu gehienak pasatzen ditugun lekua, eta horregatik, ezinbertzekoa da lanean eroso egotea eta mobleak ahalik eta egokienak izatea. Horrek guztiak gure umorean eraginen du, eta ondorioz, lan egiteko dugun motibazioan ere bai. Bulego batean lan egitekotan, aulkia egokia izan behar du. Behar bezalakoa ez bada bizkarreko arazoak izanen ditugu eta epe luzera osasun arazoak ere sortuko zaizkigu.
Ezaugarrien eta duten funtzioaren arabera, aulki eskaintza ugaria dago merkatuan. Batzuek beso-euskarriak dituzte, eta halakoak, atseden hartzeko onak dira. Horiez gain, bizkarraldean neurri desberdina duten aulkiak ere badaude. Horiek batez ere, ordenagailu aitzinean denbora luzez egon behar dutenei bideratuak daude.

Aulkiak gurpilak izan ditzakete, edo ez. Baina gurpilduna izatea onuragarria da, horrek mugikortasunerako aukera ematen duelako. Aulkia bira ematen duena izatea ere ez da kaltera, mugikortasun haundia ematen baitu horrek ere. Mahaiaren altuerara egokitzeko aukera ematen duten aulkiak gomendagarriagoak dira, altuera nahikoan ez egotea izan ohi baita bizkarreko edo lepoko oinazeak sortzearen arrazoi nagusietako bat. Buru-euskarria izatea ere komenigarria da. Azken batean, lanerako txoko eroso bat egokitzea da kontua, norbere osasunari kalterik egin gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun