Eskuz binakako pilota txapelketan izena emateko epea zabaldu du Erreka elkarteak

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 24a, 12:27
TTIPI TTAPA

Abenduaren 5ean akituko da horretarako aukera

Doneztebeko Erreka elkarteak zazpigarren urtez antolatu du eskuz binakako pilota txapelketa. Urtero bezala, zazpi kategoriatan banatuko dira parte-hartzaileak: benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil, bigarren mailako seniorrak eta elite mailako seniorren kategoriak. Kategoria guzietan irekia da txapelketa, elite mailako seniorretan izan ezik, hemen pilotariak gonbidatu egiten baititu Erreka elkarteak. Txapelketa 2009ko urtarril erdi aldera hasiko da eta martxoko lehen hamabostaldian akituko da. Kanporaketa bidez jokatuko da.

Izen ematea

Izen ematea fax bidez egin daiteke, Erreka elkartearen 948 450991 fax zenbakira deituz, abenduaren 5a baino lehen. Aipatu, Federazioko lizentzia nahitaezkoa izanen dela parte hartu ahal izateko. Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako partidak igande goizetan jokatuko dira Doneztebe, Urrotz, Legasa eta Donamariako pilotalekuetan.

Bigarren eta elite mailako seniorrenak, berriz, partidak asteazken arratsaldetan jokatuko dira Doneztebe eta Berako pilotalekuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun