Beti Gazteko neskek irabazi dute Donezteberen aurkako lehen derbia

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

TTIPI TTAPA

3-0 irabazi zuten azaroaren 15ean jokatutako partidan

Nafarroako Futbol-7 ligan ari diren Lesakako Beti Gazte eta Doneztebeko neska kadeteen derbia jokatu zen lehen aldiz azaroaren 15 goizean Lesakako Mastegi futbol zelaian. Beti Gazteko neskek urte pare bat daramazkite kategoria honetan, baina doneztebarrek lehen aldiz zelairatu dute nesken taldea. Eta beharbada horixe izan zen Mastegin nabarmendu zena, lesakarrek bi denboralditan gehiago ikasi dutela eta doneztebarrek, gaia izanik, oraindik kirol honetan ikasteko gauzak badituztela, Halere, ikasteko gogoa erakutsi zuten doneztebarrek eta tarteka estuasunetan paratu zuten etxeko taldea. Azkenean, ordea, 3-0 irabazi zion Beti Gaztek Donezteberi.

Beti Gazteren hamaikakoa

Justo Agirretxe Beti Gazteko entrenatzaileak Maddi Taberna atepean eta Haizea Irigoien, Itziar Telletxea, Maddi Arriola, Olaia Iantzi, Amaia Zapirain eta Nahia Garcia beratarra zelairatu zituen hasieratik eta gero, Maider Olaziregi beratarra eta Amaia Telletxea ere zelairatu ziren. Hauekin batera, Ainara Martin ere ari da denboraldi honetan.

Donezteberen hamaikakoa

Aritz Arriola Doneztebeko entrenatzaileak Irati Arrieta sunbildarra atepean eta Doneztebeko Ana Sarratea, Sara Azkarate, Elena Zabala, Laura Erasun, Tamara Descalzo, Nekane Iruretagoiena, Sunbillako Itxaso Arrieta, Zubietako Ainhoa Larrea eta Maider Leizeaga, Elgorriagako Izaro Sukilbide, Narbarteko Itxaso Iriarte, Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoien eta Amaiurko Amaia Istilart jokalariak ditu aurten bere erranetara.

Aipatu bezala, Beti Gaztek 3-0 irabazi zion Donezteberi. Lehen norgehiagokako bi gol Amaia Telletxeak egin zituen eta hirugarrena Olaia Iantzik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun