Ander Erasun nagusitu da Bigarren Mailako Nafarroako Aizkora Txapelketan

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 24a, 12:19
TTIPI TTAPA

Aurtizkoa eta Kañamares azpìtxapelduna maila nagusian ariko dira hurrengo denboraldian

Ander Erasun aurtiztarrak jantzi zuen lehen aldiz bigarren Mailako Nafarroako Txapelketako txapela azaroaren 14an Doneztebeko ferietan jokatutako finalean, Manuel Kañamares bigarren sailkatuari 24 segundoko aldea aterata. Hortaz, aizkolari horiek biek Nafarroako Maila Nagusira igo dira, eta maila horretan ariko dira heldu den denboraldian. Erasunek, gainera, Euskadiko hirugarren Mailako txapela jantzi zuen orain hilabete eta beraz, hilabete batean bi txapel haundi jantzi ditu 18 urteko aurtiztarrak.

Bortz aizkolari hauek aritu ziren finalean, Doneztebeko pilotalekuan, 400 ikusleren aitzinean, lehen aldiz txapelketa ofizial honetan laguntzaileekin: Ander Erasun (Aurtitz), Luismari Belarra (Doneztebe), Manuel Kañamares (Arostegi), Juanjoxe Erdozia (Etxarri Aranatz) eta David Amillano (Altsasu).

Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu zuen. Lehen kanaerdikoan, gerora txapeldun izanen zenak hartu zuen probaren burua, minutu eta 53 segundoko denborarekin eta Amillano izan zen bigarren, bortz segundora. Hirugarren egurra ebakita, oinbikoa, Luis Mari Belarra doneztebarra paratu zen aitzinetik, 12:43ko denborarekin, bigarren Kañamares zen 12:57ko denborarekin eta hirugarren Erasun (12:59). Laugarren Erdozia zen, 13:23ko lana eginez eta bosgarren, Amillano (14:05). Erasuni hautsi egin zitzaion aizkoraren kirtena bigarren egurrean, eta segundo batzuk galdu zituen 60 ontzakoan.

Handik aitzinera, ordea, Belarrak beheiti egin zuen, Erasunek, Kañamaresek eta Erdoziak, berriz, goiti. Akabailan, Erasunek bizitu egin zuen erritmoa, eta Miel Mindegiaren laguntza eskergarekin lehen postuan akitu zuen.

Sailkapena

1. Erasun:19:23
2. Kañamares: 19:47
3. Erdozia: 20:05
4. Belarra:21:12
5. Amillano:21:30

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun