Usategiak bi zatitan banatuta daude; usazaleak alde batetik, eta ehizturiak, bertzetik. Historikoki beti harreman ona ezagutu zaie, baina azken urteotan, dela arrazoi bat, dela bertzea, tira-bira franko izaten ari dira. Arrazoiak arrazoi, aurten herri osora pasatu den arazo bihurtu da, eta maila handiagoa hartu du, nahiko gora-behera itsusiak pasatzera arte. Ehiza postuen enkantea egin zenetik, ezadostasunak ikusi ziren bi aldeen artean, eta batek baino gehiagok ez zuen aldarte onean hasi uso denboraldia. Asteen joanean, ezadostasunak areagotu bertzerik ez ziren egin, eta azken asteotan udaletxera ailegatu dira hika-mikak. Bi taldeek Udalarengana jo dute arazoari irtenbidea bilatzeko, eta momentu hauetan arazoa alkatearen mahai gainean dago. Denon hobe beharrez espero dugu arazoa lehenbailehen konpontzea, gisa honetako berriekin Usategiek berez duten edertasun historiko, turistiko eta kulturala desitxuratzea bertzerik ez baita lortzen. Lerro hauetan ez dugu talde baten edo bertzearen aldeko jarrerarik erakutsi nahi. Arazoa guztiontzat modurik mesedegarrienean moldatzea nahi dugu, Etxalarren hobe beharrez, herri bezala.