N-121A errepidea

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 24a

N-121A errepidearen inguruan eraiki den kontsentsu politiko, mediatiko eta neurri batean sozialak jende aunitzen kezka isilarazi badu ere, ez du desagertarazi. Baldintza hauetan, errepide berri hau, egiten ari direna errepide berria baita, kritikatzea ez da batere xamurra; baina egiten ari direnaren aitzinean isilik egotea, makurragoa litzateke. Hasteko, errepide berri hau egiteko tenorean, bide honetan izandako istripu eta heriotz saminak aipatu izan dira, hau da, errepideak zuen arrisku handia. Samintasun horrekin denok bat egiten dugu, bistan denez; baina ageriko arrisku hauek ttipitzeko bertze aukerak egon bazeuden: eskualdea helburu ez duen zama garraioaren pausua debekatu, garraio publiko kolektiboaren bulkatzea (egun dagoena irrigarria da), ildo horretan, errepide berria egiteko halako diruketa erabiltzeko prest badaude zergatik ez Tren Txikito berriz martxan paratzeko? Eta horrekin guztiarekin, punturik beltzenetan moldaketak egin, eta dudarik gabe, mugitzeko beharra murriztu.
Gauzak horrela, errepide berri honi buruz solastatzerakoan, beharrezkoa da nazioarteko zama garraioari buruz eta horregatik, nazioarteko lanaren antolaketa berriari buruz aritzea. Testuinguru horretan, ekoizpen kostuak murriztu eta irabaziak handitzeko, ekoizpen prozesuaren zatiketa eta zama garraioaren handitzea gertatzen da; eta hau ez da nolanahiko kontua, kamioien joan-etorria N-121A errepideko arriskuaren iturburuarekin lotzen baita. Bertzetik, kapitalismoaren birmoldaketaren baitan, metropolizazio prozesua hedatzen ari da, eta horrekin, menpekotasun harremanean oinarrituriko lurraldearen integrazio funtzionala eta espezializazioa. Hala bada, hiri lauso horrek gero eta eremu handiagoa eraginpean hartzen du. Horrela, errepide berri honekin, Donostialdea-Bidasoa hiriguneak, km2ko 1.000 biztanletik goiti duenak eta alde guztietatik gainezka egin hurren dabilenak (plataforma logistikoak, superportua, AHT, saihesbideak…) esku-eskura izanen du Baztan-Bidasoa eskualdea, horrek ekarriko duen kolonizazio urbanistikoarekin, eta gisa guztietako ondorio sozialekin. Nahiz eta gaurgero, badiren etorkizuneko egoera hori irrikaz, eskuak igurtziz begiratzen dutenak, negozio berriak egiteko desiotan.
Baldintza hauetan, eragile desberdinek errepide berriari eman dioten bedeinkazioa aski argigarria da. Aldi berean, bazter guztien xehakuntza dakarren erokeri kapitalista garapenkeriazale hau gaitzesten dugunon utzikeri eta ezintasuna .
Bederen ez dezatela erran denen ongi-ikusiarekin egin zutenik.

Joseba Otondo - J. I. Etxamendi - Garbiñe Elizegi - Mikel Ortega - Urki Lizarribar - BAZTAN

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun