Endarlatsako zubi berriaren bi arku erdiak elkartu dituzte astearte eguerdian. Ekitaldiaren garrantzi sinbolikoa azpimarratzeko, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea eta Juan Jose Ibarretxe Euskadikoa izanen dira ekitaldian, Gipuzkoako Diputazioko, Nafarroako Gobernuko eta inguruko herrietako udal ordezkariekin batera.
Zubi berriak ikusmin handia sortu du, izan ere, ez du errekan pilarerik izanen. Zubiko lan hau egitea Gipuzkoako Diputazioari dagokio, nahiz eta Nafarroako Gobernuak lanen erdia, 9,8 milioi euro ordainduko duen. Bi arku erdiak lotzeko lan hau zailtasun tekniko handikoa da eta 24 ordu baino gehiago beharko dira guziz akautzeko.
Bederatzi faseko lanean laugarrena oraindik
Javier Manterola, zubia diseinatu duen ingeniariak lana nola gauzatzen ari den azaldu du. Izan ere, errekaren bi aldeak lotu badituzte ere, oraindik aunitz falta da zubi berritik ibilgailuak pasatu ahal izateko. Zubi berria erabilgarri izateko bete behar diren bederatzi fasetatik laugarrena bertzerik ez da bi arkuak elkartzea. Berez, 2009an zabalduko zaio zubibidea trafikoari.
Bitartean, Endarlatsako zubi zaharra erabiltzen segitu beharko da. Banaz bertze, egunero 10.000 ibilgailu pasatzen dira Endarlatsako zubitik, horietatik %22 kamioiak.
Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak pozik agertu da, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzeko XXI. mendeari dagokion azpiegitura izanen delako.
Presidentearen eta lehendakariaren solasak
Miguel Sanz Nafarroako presidenteak, ezberdintasun ideologikoen gainetik, elkarlanean egindako obra izan dela azpimarratu du eta obra egitea erabakitzea baino guttiago kostatzen ari dela berez obra egitea. 2004an sinatu zuten lanei ekiteko hitzarmena Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak eta inguruko bizilagunek proiektuari emandako bultzada ere azpimarratu nahi izan du Sanzek.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere hitza hartu du eta garraio eta logistika sistema jasangarria osatzearen garrantzia goraipatu du. Gainera, trenaren eta itsasontzien bidezko garraioa bultzatu behar dela oroitarazi ondotik, errepide bidezkoa ez dela alde batera utzi behar ere erran du, gaur egun garraioaren %80a errepidez egiten baita.
Historia luzeko zubia
Endarlatsako zubi berriak, 1937an eraiki zen ormigoizkoa ordezkatuko du. Espainiako Gerra Zibilean, 1936ko uztailaren 21ean bota zuten lehendik zegoen zubia, 1876an eraikitako zubibide belgiarra. Aitzinetik, 1866tik 1873ra burnizko zubia zegoen eta orduan, Hirugarren Karlistadan bota zuten. Hauek guziak baino lehenago, 1852tik 1862ra zurezko zubia zegoen Endarlatsan.