Errekako eskuz binakako pilota txapelketan izen emateko epea zabalik dago

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 18a, 16:24

Abenduaren 5a baino lehen egin beharko da

Erreka elkarteak zazpigarren urtez antolatu du eskuz binakako pilota txapelketa. Urtero bezala, zazpi kategoriatan banatuko dira partehartzaileak: benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil, bigarren mailako seniorrak eta senior elite kategoriak. Kategoria guzietan irekia da txapelketa, senior elite kategorian izan ezik, hemen pilotariak gonbidatu egiten baititu Erreka elkarteak. Txapelketa 2009ko urtarril erdi aldera hasiko da eta martxoko lehen hamabostaldian akituko da eta kanporaketa bidez jokatuko da.
Izen emate fax bidez egiten ahal da, Erreka elkartearen 948 450991 fax zenbakira deituz, abenduaren 5a baino lehen. Federazioko lizentzia nahitaezkoa izanen da parte hartu ahal izateko. Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako partidak igande goizetan jokatuko dira Doneztebe, Urrotz, Legasa eta Donamariako pilotalekuetan. Bigarren eta elite senior kategorietan, berriz, partidak asteazken arratsaldetan jokatuko dira Doneztebe eta Berako pilotalekuetan.

Nafarroako Kirol Jolasetako partidak jokatu ziren Legasan

Nafarroako Kirol Jolasetan, Errekako pilotariek hainbat partida jokatu zituzten larunbat goizean Legasan. Bigarren mailako alebinetan, Errekako Julen Saldias eta Julen Larretxeak 10 eta 18 galdu zuten Oberenako Zubiri eta Braumerekin. Lehen mailako alebinetan, Errekako Aritz Fagoagak eta Javier Seinek 18 eta 13 irabazi zieten San Migueleko Landa eta Senosiain-i eta Errekako Joel Oronoz eta Julen Juankorenak 18 eta 16 irabazi zieten Oberenako Huarte eta Oiartzun-i. Lehen mailako benjaminetan hiru partida jokatu ziren segidan. Errekako Beñat Migeltorenak eta Beñat Lazkanok 16 eta 18 galdu zuten Oberenako Olaz anaiekin; Iñaki Maylin eta Oier Berasategik 13 eta 18 galdu zuten Oberenako Pablo Cordon eta Antxon Izagirrerekin eta Julen Indak eta Mikel Lanak 18 eta 11 irabazi zieten Oberenako Espinal eta Navarrori. Hirugarren mailako alebinetan, Errekako Aritz Narbartek eta Eloy Garciak 13 eta 18 galdu zuten Aranpilotako Garci eta Markinezekin. Bigarren mailako benjaminetako lau partida jokatu ziren segidan eta bakarra irabazi zuten Errekakoak. Hain zuzen, Asier eta Gorka Antuña anaiek 18 eta 1 irabazi zieten Oberenako Izkue eta Roldani. Yeray Legazkuek eta Aimar Zestauk 1 eta 18 galdu zuten Irurtzungo Lasa eta Arzozekin; Aimar Leatxek eta Julen Migeltorenak 8 eta 18 galdu zuten Oberenako Urdaniz eta Rekarterekin eta Hodei Aioroak eta Ibai Erasunek 5 eta 18 galdu zuten Oberenako Mata eta Oskozekin.

Igande goizean Donezteben

Igande goizean Doneztebeko pilotalekuan ere bertze zenbait partida jokatu ziren. Nafarroako Kirol Jolasetan, bigarren mailako kadetetan, Errekako Ibai Juanenak eta Oihan Olaizolak 22 eta 20 irabazi zieten Esteribarko Mikel Etxenike eta Iñigo Ekisoaini. Lehen mailako jubeniletan, Errekako Unai Iparragirrek eta Imanol Juanenak 7 eta 22 galdu zuten Oberenako Alberto Soto eta Mikel Artuch-ekin, baina Beñat Oronozek eta Mikel Kanpok 22 eta 18 irabazi zieten Sutegiko Unai Mayo eta Andoni Etxeberriari.

Klub arteko txapelketa

Nafarroako klub arteko txapelketan, 22 urtez beheitiko kategorian, Errekako Garikoitz Juaneneak eta Xabier Madariagak 7 eta 22 galdu zuten Txarutako Unai eta Patxi Barberenarekin. Senior bigarren mailako kategorian, berriz, Errekako Joseba Babazek eta Raul Labianok 22 eta 13 irabazi zieten Sutegiko Eñaut San Vicente eta Iñaki Agirreri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun