Ander Erasunek irabazi zuen Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa

Utzitako argazkiak 2008ko aza. 17a, 15:37

Igor Lasaga beratarra eta Javier Galarregi etxalartarra nagusitu ziren arpanan

Ander Erasun aurtiztarrak jantzi zuen lehen aldiz bigarren Mailako Nafarroako Txapelketako txapela joan den ortziralean, Doneztebeko ferietan jokatutako finalean, Manuel Kañamares bigarren sailkatuari 24 segundoko aldea aterita. Hortaz, aizkolari horiek biek Nafarroako Maila Nagusira igo dira, eta maila horretan ariko dira heldu den denboraldian. Erasunek, gainera, Euskadiko hirugarren Mailako txapela jantzi zuen orain dela hilabete bat Altsasun eta beraz, hilabete batean bi txapel handi jantzi ditu 18 urteko aizkolari aurtiztarrak. Bortz aizkolari aritu ziren azaroaren 14ko finalean, Doneztebeko pilotalekuan, 400 ikusleren aitzinean eta lehen aldiz txapelketa oficial honetan, laguntzaileekin: Aurtizko Ander Erasun, Doneztebeko Luismari Belarra, Arostegiko Manuel Kañamares, Etxarri-Aranazko Juanjoxe Erdozia eta Altsasuko David Amillano. Horiek bostek ekainaren 28an jokatutako kanporaketan lortu zuten finalean aritzeko txartela.

Lehenbiziko enborrean Erasun aitzinetik, hirugarrenean Belarra

Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu zuen. Lehen kanaerdikoan, gerora txapeldun izanen zenak hartu zuen probaren burua, minutu eta 53 segunduko denborarekin eta Amillano izan zen bigarren, bortz segundura. Hirugarren egurra ebakita, oinbikoa, Luis Mari Belarra doneztebarra paratu zen aitzinetik, 12 minutu eta 43 segunduko denborarekin, bigarren Kañamares zen 12 minutu eta 57 segunduko denborarekin eta hirugarren Erasun 12 minutu eta 59 segunduko denborarekin. Beraz hiru lehenbizikoak 16 segunduren barrenean zeuden, laugarren Erdozia zen, 13 minutu eta 23 segunduko denborarekin eta bosgarren, dexente gibelago, Amillano, 14 minutu eta 05 segundutan. Erasuni hautsi egin zitzaion aizkoraren kirtena bigarren egurrean, eta segundo batzuk galdu zituen 60 ontzakoan.

Belarrak beheiti egin zuen azkenean, Erasunek goiti

Handik aitzinera, ordea, Belarrak beheiti egin zuen, Erasunek, Kañamaresek eta Erdoziak, berriz, goiti. Akabailan, Erasunek bizitu egin zuen erritmoa, eta Miel Mindegiaren laguntza eskergarekin lehen postuan akitu zuen. 19 minutu eta 23 segundu behar izan zituen lana burutzeko. Kañamaresek, berriz, ohiko lehiakortasunarekin jardun zuen, eta saria jaso zuen, lehen mailan ariko baita, bigarren postuari esker. Txapeldunak baino 24 segundu gehiago behar izan zituen. Erdozia hirugarren izan zen, 20 minutu eta 5 segunduko denborarekin, Belarra laugarren izan zen, 21 minutu eta 12 segunduko denborarekin eta Amillano bosgarren, 21 minutu terdiko denborarekin.

Sailkapena

1. Ander Erasun (Aurtiz): 19:23 2. Manuel Kañamares (Arostegi): 19:47 3. Juanjoxe Erdozia (Etxarri Aranatz) : 20:05 4. Luismari Belarra (Doneztebe): 21:12 5. David Amillano (Altsasu): 21:30

Bigarren mailako arpana txapelketa berriz ere Bortzirietara

Herri kirol jaialdi berean, gizonezkoen Nafarroako bigarren Mailako Arpana Txapelketa jokatu zen, eta hiru bikote lehiatu ziren. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari 10 korte etzanda eta 4 zutik eman zizkion. Joan den urtean txapel hau Igantzira joan zen, Txoperena eta Porturen buruetara eta aurten ere Bortzirietako bidea hartu du. Izan ere, Igor Lasaga beratarra eta Javier Galarregi etxalartarra aisa nagusitu ziren eta 6 minutu eta 21 segundu behar izan zituzten beraien lana akautzeko. Bigarren, Beunzako Mikel Eugi eta Auzako Ander Iribarren izan ziren, 8 minutu eta 6 segunduko denborarekin eta hirugarren, Oronoz Mugairiko Euken Mindegia eta Jexux Zelaieta, 9 minutu eta 42 segunduko denborarekin.
Aizkora eta arpana txapelketen artean, harrijasotze erakustaldia eskaini zuten Sunbillako Unai Bertizek eta Leitzako Josetxo Urrutiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun