Hamar urteren ondotik, joan den urteko ekainean ireki zuten Aurtizko ur biltegi berria. Proiektuak guztira 3.500 bizilagun hornitzen ditu, Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Zubieta eta Sunbillakoak, hain zuzen. Dena den, Sunbillakoa, azken faserako utzi zen eta orain, Doneztebetik Sunbillara ura eramanen duen azken fase horretako lanak abudo adjudikatuko direla aipatu zuen joan den ortziralean Doneztebera egindako bisitan Amelia Salanuevak, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuko kontseilariak. Kontseilariarekin batera, Pedro Pegenaute departamentuko zuzendari nagusia eta beranduago, Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria izan ziren, Miguel San Miguel alkateak feriak bisitatzeko egindako gonbidapena onartuz.
800.000 eurotik goitiko inbertsioa
Doneztebe eta Sunbilla arteko lan hauek 800.000 eurotik goitiko aurrekontua izanen dute eta Mendaur Planaren azken fasea izanen da. Ura eramateko ez ezik, gas naturalaren kanalizazio lanak egiteko ere aprobetxatuko da eta gehien bat, garai bateko trenbidean barna eginen dira. Honela, bi lan hauek bereiz egitekotan sortuko liratekeen arazoak saihestuko dira.
Herri guziek Aurtizko ur biltegitik hartuko dute ura
Joan den urtera arte ura hainbat iturritatik hartzen zen: iturendarrek Bordazar, Xelat, Lertxundi, Berrurta eta Iturriatik; Elgorriagak Malkorratik; Doneztebek Errotazarretik; Sunbillak Bidasoa ibaitik, eta Zubietak Txitxillotik. Azken lan hauek akitzen direnean, ordea, denek Aurtitzen dagoen ur-biltegi berria erabiliko dute.
1,9 milioi euroko aurrekontua izan zuen obra Mariezkurrena enpresak egin zuen eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak finantzatu. Malerrekako Mankomunitatea arduratzen da mantenimenduaz.